2000. urtean, mundu mailan ezaguna den telesail batek Donald Trumpen presidentzia aurreikusi zuen. The Simpsons zen telesail hura. Telebista saio horretan ironiaz esaten zen Trumpek Estatu Batuak hondamendi ekonomikora eramango zituela. Aste honetara arte, Donald Trump bezalako pertsona bat Estatu Batuetako gobernuburu izatea jende oso gutxiren buruan zegoen, telebista ekoizle batzuen buruan bakarrik. Trump bera, hain zuzen ere, showman bat da eta irudi publikoa bere pertsonaiaren inguruan eraiki du. Trump aktore hutsa da, Ronald Reaganen ondoren, Estatu Batuak gobernatuko dituen bigarrena.

Hauteskunde eguna iritsi zen arte, inkestek, kazetariek eta analistek ez zuten sinisten milionario kontserbadore, oies, misógino, homofobo eta arrazista bat Estatu Batuetako buru izan zitekeenik, pentsamendu nahiko harrigarria kontuan izanda Trumpek pausoz pauso bere alderdiko lehiakide guztiak garaitu dituela. Ez hori bakarrik, bere jarrerak eta debateetako tonuak bere aurkari demokrata bere mailara jartzea behartu dute: ideiak edo proposamen politikoak ez dira gailendu, eraso pertsonalak bai, ordea.

Estatu Batuetako hiritarrek ez dute ikusi Hillary Clinton bien arteko gaitz txikiena bezala. Gizartea nekatua baitago –AEBetan eta beste herrialdeetan ere- establishment-ak ordezkatzen duenarekin. Slovoj Zizek filosofo marxista eta antikapitalistaren ustez Clintonen Gobernu bat sistema ekonomiko eta politiko kaltegarri baten segida izango litzateke, bai Estatu Batuetan eta baita mundu mailan ere. Zizeken ustez zaila izango da Trumpek politika faxistak aurrera eramatea –milionarioaren hitzek kontrakoa uste arazi arren-, baina bere garaipenak Estatu Batuetako bi alderdiek neurri zuzentzaileak hartuko dituztela iritzi du filosofoak. Beste modu batera esanda, suediarrarentzat Estatu Batuek inplosio bat jasango dute eta egungo merkatuen eta politiken oreka deuseztatu egingo da. Hau da, suntsi dezagun eraikina, gero gainean eraikitzeko.

Zoritxarrez, azken krisi ekonomikoak erakutsi digu zigortutako gizarte batek, eskubideak eta erosteko ahalmena galtzen duen gizarte batek ez duela ezkerrera bira egiten eta ez duela iraultzaren bidea hartzen. Aitzitik, eskuinera begiratzen du egonkortasunaren bila eta egoera horretara eraman duten politikak bermatzen.

Zentzu horretan, Trumpen garaipena faxismorantz doan neoliberalismoaren mugarri bezala uler daiteke, eta ez munduko ordena aldatu dezakeen inflexio puntu bezala. Mugarri hori, agian, Brexitaren segida bat da –hurrengo egunean lortutakoaz beldurtu ziren “hasarretuen” bozka jaso zuen-, Kolonbiako bakeari ezetza izan zen bezala. Espero dezagun, datozen maiatzeko hauteskundeetan Marine Le Penek eta bere Frente Nazionalak garaipenik ez lortzea, halere, arduratuak egoteko arrazoiak egon badaude.

Trumpen diskurtso supremacistak, arrazistak eta matxistak haustura soziala eragin du. Estatu Batuetako gizartea zatituta dago eta bien artea gorrotoaren harresia eraiki dute. Bi aldeen arteko talka gertatzen ari da: multikulturalismoa eta arraza eta generoaren aldeko protekzionismoaren artekoa. Asko hitz egin da Trumpen matxismo eta misoginiaz baina, zer esan behar dugu Hillary Clintonen aurkako gizartearen jarreraz? Zaila da pentsatzea alderdi Demokratak emaitza berak lortuko zituela Clintonek dituen ezaugarri berdineko –handinahikoa, establishment-aren, pisuzko abizen bat duena…- gizon bat hautagai izan balitz. Michael Moore zinemagilean orain dela hilabete batzuk adierazi bezala, estatubatuarren gehiengoak uste du 8 urtez presidente beltz bat izatea nahikoa dela, orain emakume bat postu horretan hartzeko. Ez hori bakarrik, gizarteak afroamerikar bati presidentzia ematea mugarri bezala ikusten du –eta horrela izan zen-, baina horrek pisua kendu dio emakume batek gauza bera lortzeari.

Europatik zaila da ulertzea nola eta zergatik ikasketarik gabeko estatubatuar zuriek -hain kritikatua izan zen Hezkuntza sistema pairatu dutenek- eman dioten bozka Trumpi, baina galdera beste bat da: zergatik ezkerreko indarrek ez dute lortzen esparru sozial horietan, Ongizate Estatuaren beharra duten horietan –beraz, sozialdemokraziatik oso hurbil egon beharko liratekeenak-, eraginik izatea.

Estatu espainiarrean ere, sistemaren krisiak populistak eta antisistemak diren mugimenduak sorrarazi ditu. Baina nola liteke Podemosek hainbesteko beldurra ematea eta Trumpek bere muturreko ideiekin ez ematea. Galdera litzateke: zergatik ematen du beldurra sozialistatzat edo komunistatzat hartzen den mugimendu batek, baina faxismotik hurbil ibiltzeak ez?

Zergatik lortzen du magnate batek hainbeste pertsona biltzea, baina ezker indarrek ez? Zergatik langile klaseek eta pobretutako klase ertainek eman diote bozka eliteen aurka borrokatuko dela dioen pertsona bati, bera eliteen parte denean?

Horregatik, Trumpen garaipena ez da Clintonen porrota bakarrik, alderdi Demokrataren porrota ere bada, hain zuzen ere alderdiak primarioetan Bernie Sanders sozialdemokrataren porrotaren alde egin zuelako eta establishment-a –edo casta- krisi larrian dagoelako. Sandersek orain dela 8 urte Obamak sortutako mugimendu bera lortzeko aukera izan zuen, mugimentu itxaropentsu eta berritzailea. Clintonen bozka ordea, etsitakoen bozka irudikatzen zuen, beste hoberik bozka ezin zuenaren botoa; itxaropenik kutsatu ez duen bozka.

Sozialdemokraziak erronka garrantzitsua du, ez da berpentsatu behar, bere sorrera eta oinarrietara itzuli behar da eta lanjantzia edo korbata daramaten langileen alternatiba izan behar da.