Eusko Jaurlaritzaren izenean adierazi duenez, Aukera Guztiak ekimena legez kanpo uztearen erabakia EAJ-EA koalizioari kalte egiteko PSOEk “hauteskundeei begira egindako kalkulua” da Auzitegi Konstituzionalak Aukera Guztiak herri ekimenari hauteskundeetan parte hartzea debekatu dio. EAEko hauteskunde kanpaina hastearekin bat, 24:00etan, eman zuen erabakiaren berri. Erabaki horrek adierazpen andana eragin ditu, eta Eusko Jaurlaritza izan da iritzia emateko agerraldia egin duen lehena. Joseba Azkarraga Justizia sailburuak hitz egin du Gasteizko gobernuaren izenean. Haren berbetan, “ondo baino hobeto” hartutako erabakia da, eta EAJ-EA koalizioari kalte egitea du xede: “PSOEk hauteskundeei begira egindako kalkulua da, EAJ-EA koalizioari min egiteko”.

Hori dela eta, Jaurlaritzak gutunak igorri ditu nazioarteko zenbait erakundetara, Nazio Batuen Erakundera (NBE) eta Europako Batzordera, besteak beste. Aukera Guztiak herri ekimenarekin gertatutakoa salatu nahi dute horrela, “demokrazia zapaldu” egin baita, Azkarragaren hitzetan.

Besteak beste, ondoko agintariei igorri die Jaurlaritzak gutuna: Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari, Louise Arbour Giza Eskubideetarako Nazio Batuen goi-komisarioari, Terry Davis Europako Batzordeko idazkari nagusiari, eta Alvaro Gil-Robles Giza Eskubideen Europako Batzordeko komisarioari.

Azkarragak agertu duenez, “euskal gizarteko hainbat herritarrek duten boto-eskubidea urratu egin da. Gainera, frogak baino zantzuak aurkeztu dituzte”.

Bi orriko idatzian, Aukera Guztiak ekimenarekin gertatutakoa azaldu du Jaurlaritzak: “herritarrek hauteskundeetan parte hartzeko duten eskubidearen aurka egin da, eta gutuna jasotzen dutenek horren berri izan dezaten nahi dugu”.

Aukera Guztiak plataforma giza eskubideak urratzearen kontra agertu zela esaten du Jaurlaritzak gutun horretan, eta azpimarratzen duenez, “ekimeneko kideek legez kanpo utzitako Batasunarekin eta ETA erakunde terroristarekin zerikusia ez dutela adierazi dute behin eta berriz”.

Hori dela eta, plataforma hauteskundeetatik kanpo uzteko frogarik ez dagoela iritzi dio Jaurlaritzak: “Plataforma hori babestu duten herritarrek aurretiaz jasotako diskriminazioa pairatu dute, eta, hain zuzen ere, horretarako frogarik ez izateak bultzatu gaitu erabaki hau hartzera”.

“Bultzada politikoa”

Gasteizko gobernuaren aburuz, PSOEk zein PPk “epaitegien erabakia baldintzatu dute, bultzada politiko handia eman diotelako aferari”.

Errugabetasun-presuntzioa ezbaian jarri dela salatu du Azkarragak: “Aukera Guztiak ekimenak giza eskubideen urraketaren aurka hitz egin du, baina Poliziaren txostenak izan du indar gehien”, nabarmendu du.
Jatorria: Joseba Azkarraga