Martin Aranburu, parlamentaria

Euskararen aldeko aldarrikapena da urtez urte AEK koordinadorak antolatzen duen Korrika. Eta urtez urte, milaka euskaltzale dira Euskal Herriko karriketan barrena ikurrinadun testigu xume bat eskuz esku elkarri pasatzen diotenak. Artikulu honen bidez, Korrikaren hiru aspektu garrantzitsu aipatu nahi ditut euskaltzale sofazale eta alfer xamarren bat mugiarazteko itxaropenaz.

Ezin ukatu Korrika gure gizarteak izan dezakeen inplikazio, mobilizazio eta aktibismo froga bat dela. Txalotu beharrekoa da batetik Zuberoatik Arabara bitarteko ibilbidea duen ekitaldi baten prestakuntzan parte hartzen duten makina lagunen lana, antolakuntza eta koordinazio ahalmena, eta bestetik, esfortzu itzel horrek gizartearengan sortzen duen erreakzioa eta inplikazioa: Korrika non korrikalariak han. Herriz herri, gazte zein heldu, emakumezko zein gizonezko, herri honek beste behin frogatzen du bidezkoak jotzen dituen gauzen alde prest dela mugitzeko eta mobilizatzeko.

Euskararen aldeko urteroko zita dugu Korrika. Beste batzuk ere badira, baina kilometro bat erosten dugun bakoitzean, helduen alfabetatze esfortzuan egunero lan isila egiten duten hainbeste profesionalei gure esker ona ere adierazten diegu, beren jardueran beste urtebete bat jarraitu dezaten animatuz eta baita AEKak suposatzen duen eskola sarearen mantenurako beharrezko diren baliabideen zati bat lortuz.

Aurten bada parte hartzeko beste arrazoi bat. Espainiako Gobernuak jomugan jarri eta botere judizialaren edo Barne Sailaren (nork daki) autoaren ondorioz AEK desagerrarazteko esfortzua egin zutenei benetako erantzun bat eman behar diegu AEKren lanean sinesten dugunok, inoiz baino gehiago inplikatuz eta inoiz baino gehiago Korrika indartuz. Urtero bezala korritu beharreko kilometroak erosiz eta baita norberaren atxikipen pertsonala emanez ere, Korrikaren laguntzaile bihurtuz, Espainiako agintariei ikusaraziko diegu beste behin beraiek Euskal Herriaz duten pertzeptzioa eta herri honetako biztanle gehienek duguna zerikusirik ez duela, eta ondorioz, beraientzat zigortu beharreko taldeak direnak gure aburuz kultura euskaldunaren zutabe garrantzitsu bat direla.

Artikulu hau bukatu nahi nuke eragile politiko zein sozialei eta gizabanakoei inplikazio berezia eskatuz: herri honek AEK beharrezkoa du, ezin dugulako inolaz euskara indartzearen eta zabaltzearen esfortzua egiten duen talde baten lana alferrik galdu. Helburu horren lorpenean ahalmen oro gutxi da, azken finean, euskararik gabeko euskal gizarteak anima galduko luke eta.

Jatorria: Martin Aranburu