Gazte Abertzaleak erakundeak bere 15. urtemuga ospatuko du Martxoaren azken asteburuan, Tolosan eginen den ekitaldi handiaren bidez. Zutabe huntan holako ekitaldi baten egitaraua emaitea bitxia izan badaiteke ere, ekitaldiaren egitarau original bezain bikainak, hilabete huntan gai hau aipatzea erabaki nau.

Bai, jadanik 15 urte Gazte Abertzaleak erakundea existitzen dela! Horrek jende asko harrituko du. Neri harrigarria iduritzen zaidana da, 15 urteren ondoren, Gazte Abertzaleak-ek, lehen egunean bezain azkarki jarduten duela, injustizia guzien kontra (salbuespenik gabe) eta Euskal Herri eta mundu hobe baten alde. Iduriz gure gizartea eta gazteria geroz eta konformista eta inaktiboagoa bilakatzen ari delarik, idealismoa eta utopiari atxikirik segitzen dugu Gazte Abertzaleak-ekoek, amets horiek egi bihurtuko diren esperantza tinkoarekin.

15 udaberri hauen ospakizuna, hiru ataletan eginen da:

“Trantsizio Aireak”: Ostiralean, arratsaldeko 7ak eta erditan, Carlos Garaikoetxeak “Marko Politiko berri baten beharra” izenburupean hitzaldi bat emanen du Tolosako Kultur Etxean. Gaueko 10ak eta erdietan, nostalgia aire goxo bat jinen zaigu askori, Leidor Antzokian izanen den kontzertuarekin: Manex Pagola, Urko, Gorka Knörr, Aitor Badiola, Jocou Gaxton eta Amaia Zubiria! Eta azken orduko sorpresa bat beharba!

“Alternatiba Eraikiz”: Larunbatean, Usabal Sagardotegian izanen den Bazkari Herrikoia aitzin, estaturik gabeko herrien banderez osaturiko Alkartasun Ikurriñaren igoera eta agurra eginen da. Atsaldean, desobedentzialari bati (edo batzuei), lehen Joseba Elosegi oroigarria emanen zaio, bertsolarien aireek akonpañaturik.

“Utopiari Eutsi”: Igandean, Mendi Martxa goiztiar baten ondoren, Andoni Iturzaeta eta Begoña Erraztiren eskutik, Gazte Abertzaleak-en “Elkarbizitzarako bake proposamena” aurkeztuko da.

Asteburuan zehar, karrika animazio, jokoak, herri kirolak, bertsolariak, txalaparta, erakusketak, txosnak,…

Ekitaldi paregabe huntan parte hartu nahiz gero, badakizue zer egin: Martxoak 28, 29 eta 30ean, denak Tolosara!

Jatorria: Haritza Camblong