Eusko Alkartasunak salatu du EAJk eta PSE-EEk zuzentzen duten Foru Aldundiak Batzar Nagusietan ordezkaritza duten taldeei Gipuzkoako sustapen ekonomikorako proposamen ezberdinak aurkeztu, aurrez aurre jarri eta horien inguruko “eztabaida sakon bat” izateko aukera kendu diela, 2014. urtean egin ez zen bezala.

Foru Aldundiak ez duela 2014ko urrian onartu zen Garapen Ekonomikorako Foru Araua (9/2014 Foru Araua) ez duela betetzen salatu du Eusko Alkartasunako Gipuzkoako koordinatzaile Iñaki Ostolazak. Aldundiak Batzar Nagusietako talde politikoak “zentsuratu” egiten ditu Ostolazaren ustez, ez baitie Gipuzkoako ekonomia garatzeko bere proposamenak aurkezten uzten. Eusko Alkartasunako Gipuzkoako koordinatzaileak gaineratu du Foru Aldundiak “BNetako taldeek ekonomia sustatzearen inguruan esateko zutena entzun gabe” aurkeztu dituela bere aurrekontuak. “Gogoratu behar dugu EAJk, 2014ko urrian, Garapen Ekonomikorako Foru Araua Aurrera atera zuela eta arau horrek argi behartzen duela Aldundia Aurrekontuak aurkeztu baino lehen Batzar Nagusietan bilkura izatera, zeinetan talde politikoek ekonomia sustatzeko proposamenak aurkeztu eta eztabaidatu behar dituzten”, esan du Ostolazak eta gogoratu du nola pasa den urtean Bilduren Gobernuak Arau Forala bete eta 2014ko abenduan bilkura hori ospatu zen.

Gipuzkoako Eusko Alkartasunako koordinatzaileak aditzera eman du, “berriz ere”, EAJ eta PSE-EE “harrokeriaz” ari direla eredu ekonomiko konkretu bat “inposatu” nahian: “Gipuzkoa inboluziora eramango duen eredu ekonomikoa”. Zentzu honetan, Ostolazak gehitu du Foru Aldundiak aurkeztutako aurrekontuetan, aurtengoekin alderatuz, Ekonomia Sustapenerako departamentuak bakarrik %4ko igoera duela (hiru milioi euro). “Badirudi EAJk eta PSE-EEk beste alderdiekin ideiak eta ereduak eztabaidatzeko beldur direla –eztabaida denean sistema demokratikoaren funtsa- eta bere eredua inposatu nahi dutela. Aurrekontu Proiektuan ere hori antzeman daiteke, Aurrekontu Parte-Hartzaileak baztertzean”, aditzera eman du Ostolazak eta ondokoa gaineratu du: “Argi dago EAJ eta PSEk ez dutela beste inorekin eztabaidatu nahi; gizarteak esan behar dituenen aurrean entzungor agertzen dira gainera”.