Nerea Martinez EH Bilduko batzarkideak Sozietateen gaineko Zergaren gutxieneko tasa efektiboa ezartzeari buruz galdetu dio Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatuari.

«Gaur egun, multinazional jakin batzuek, diru-sarrera handiak izanik, Sozietateen gaineko Zergagatik gutxienekoa ordaintzen dute, eta kasu askotan, 0 € euro», salatu du.

Nerea Martinezek gogorarazi duenez, “bidegabekeria horren aurrean, ELGAk ekimen bat bultzatu zuen iazko urrian Sozietateen gaineko Zergan gutxieneko % 15eko tasa efektiboa ezartzeko, 2023tik aurrera, 750 milioi eurotik gora fakturatzen duten enpresei”.

“Bestalde, Arabako Sozietateen gaineko Zerga arautzen duen 37/2013 Foru Arauaren 59. artikuluak ezartzen duenez, kuota erreala ezingo da izan zerga-oinarri orokorraren % 17 baino txikiagoa. Baina, praktikan, gutxieneko hori ez da betetzen, 62-64 eta 65. artikuluetako dedukzioak muga horretatik kanpo geratzen baitira”.

Horregatik guztiagatik, “zerga arloan administrazio orok kontuan izan behar duen helburuetako bat zerga-saihesteari aurre egitea izan behar da”. Dedukzioak mugatzea, zergak ordaintzeari uzteko lege-trikimailu fiskalak erabil ez daitezen”.