Erabaki Orain! lemapean egingo den biltzarrean alderdiaren ildo politiko eta estrategikoak eztabaidatuko dira, herriari ahalik eta ekarpen onena egiteko tresna izateko helburuarekin
Bilbon egingo du Eusko Alkartasunak XI. Biltzar Nagusia datorren ekainaren 11ean. Bertan, “Eusko Alkartasuna XXI. mendean. Lerro politikoa etorkizuneko erronketara egokitu beharra” ponentzia politikoa eztabaidatuko da. Alderdi independentista artikulatzea da helburua, nortasun propiotik eta EH Bildu eta EH Bairekin duen konpromiso estrategikoetatik abiatuta, herriari ahalik eta ekarpen onena egiteko.
Biltzarrean, herri erakunde guztien ordezkaritza duten 300 bat konpromisariok parte hartuko dute eta azken bi hilabeteetan egin diren toki asanbladetan ponentziari aurkeztu zaizkion ehunka emendakin aztertu eta bozkatuko dira.
Testu inguru politikoa eta hiru proposamenek osatzen dute ponentzia: Ipar Euskal Herrian lan egiteko, Hegoaldean lan egiteko eta Eusko Alkartasuna sendotzekoak. Dena, ezkerreko subiranotasun arloan Eusko Alkartasunak EH Bildu eta EH Bairen baitan dituen aliantza estrategikoen barruan, noski.
Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak Biltzar Nagusia une honetan egiteak duen garrantzia azpimarratu du, “EH Bildu bere buruaren jabe den Euskal Herria lortzeko tresnarik onena izan dadin lortzeko hausnarketan murgilduta gaudenean”. Horregatik, “Eusko Alkartasunako militanteek asko dute esateko hausnarketa honetan, beraiek egin bait zuten posible koalizioa eta honen oinarrietako bat dira; Biltzar Nagusian emango den eztabaida eta beronen garapen osoa erantzukizunez eta arduraz hartzen dugu”.