Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak “gizarteak ez duela bere diskurtsoa sinesten” esan dio Patxi Lopezi.

Euskal Herrian ez da benetako berdintasuna egongo proiektu politiko guztiak gauzagarriak izan arte, erantzun dio Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Patxi Lopezi, azken honek euskaldun izateko era ezberdinak elkarrekin eta berdintasunean bizi daitezen nahi duela adierazi eta gero.
EAko buruzagiak gogorarazi duenez, “herri honetako gehiengoaren proiektua subiranotasuna da, baina ez da aski boto gehienak eskuratzea Konstituzioak espreski debekatzen duelako eta horretarako Armadaren babesa duelako”. Urizarrek aukera berdintasuna eskatu du horregatik independentisten eta PSOEren eta PPren artean, proiektu guztiek gauzatzeko baldintza berberak izan arte, “inposaketa alderdi espainolistek egiten dutelako”.
Urizarren esanetan, lehendakariak urte amaieran egindako diskurtsoa “gauza askoren errepikapena baino ez da izan, Lopezek ikustarazi nahi duelako ETAren aurkako borroka, tolerantzia edota akordioak egiteko borondatea oraingo kontuak direla eta lehengo Gobernuak ez zuela horrelakorik egiten”. Hala ere, ohartarazi dio EAko agintariak, “inkestek agerian uzten dute gizarteak ez dituela lehendakariaren hitzak sinesten, eta hori horrela gertatzen da Jaurlaritzak tranpa legal baten semea dela onartu nahi ez duelako eta euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen ez duela ahazten zaiolako”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna