Eskubide guztiak pertsona guztientzat.
Esaten hain erraza den esaldi hau, egiten zaila dela badakigu. Oraindik errealitate baino, utopia dela. Baina badakigu ere garaia heldu dela ausardiaz gai honi ekiteko. Arrakalatu behar dugu orain arte lubakietan mantendu gaituen hoztasuna, eta bide amankomuna jorratzen hasi bakegintza eta benetako elkarbizitzako bidean. Euskal gizarteak eskatzen du Giza Eskubideen errespetuaren utopiari hasierako U hori kentzea, toki emateko begiruneari, bestearen zapatetan norbera jartzeari, guztion eskubideak aitortuko dituen egoera berriari. Eta hau guztiok egin behar dugu, eta guztion artean. Guztiok bai baitugu zer aitortu, zer mahaigaineratu, zer osatu.

Zentzu honetan, oraindik ere badaude urratuak diren eskubideak, zabalik dirauten zauriak, aitortuak ez diren biktimak. Gabriel Arestiren poema batek zioen honakoa: “Etarren amek asko sufritzen dute, semeak hiltzen dizkietenean, eta batez ere semeek hiltzen dutenean”. Ais gutxienez sufrimendu hori guztiok aitortuko bagenu!
Zorionez amek jada ez dute sufritzen seme (edo alabek) hiltzen dutelako. Zoritxarrez, guraso, seme-alaba, anai-arreba, bikote askok sufritzen jarraitzen dute euren maiteak “egotea delitu de Audientzia Nazionalean” injustuki epaituak izan direlako, izaten direlako eta oraindik izango direlako.
Zorionez, etarren biktimen ama, seme-alaba, anai-arreba edo bikoteen sufrimenduari aitortza eta erreparazioa ematen ari gara. Zoritxarrez, hauen minak mendekuan oinarritutako politikak indarrean egoteko eskusa ematen die batzuei.
Ez al da ba, Ibon Iparragirreren senideen sufrimendua Jose Ignacio Iruretagoienaren senideen sufrimendua bezain mingarria? Ez al da Giza Eskubideen edozein urraketa latza eta injustoa? Badugu garaia gure minei ezezik, besteen minetan ere senda ukenduak ipintzeko. Bata bestearen begiekin ikusteko. Gizarte justoa nahi badugu erdietsi, injustizia guztiei egin behar diegu aurre.

Urte luzeegietan zehar sinestarazi digute sufrimendu hau guztia “egoera berezi” baten ondorio zela, eta indarrez erakutsi digute, egoera “bereziei” neurri “bereziak” ezarri behar zaizkiela.

Egoera “berezi” hori ustez sortu zuen mamua ez dago jada. Baina oraindik ere, egoera “berezi” horren ondorio latzak egunero pairatzen ditugu, kilometroro, txioro, Altsasuro. Honen adibide garbia dispertsioa da:

Dispertsioa ez da duina, duintasunez janzten baditu ere dispertsatutakoen senide eta gertukoak.
Dispertsioa mendekuan oinarritzen da, mina egin eta erein beste helbururik ez duen neurria izanik.
Dispertsioa ez da zilegi, eta berau ezartzen dutenek beraien lege propioak urratzen dituzte.
Zerrenda hau luzatzen jarraitu genezake Puerto de Santa Mariara edo Fleuryra joan etorriek irauten duten bidaiek bezain beste.

Baina akaso badugu garaia luzatze amaigabe horiek mozteko. Badugu garaia gorrotozko negu gogorraren ostean, bakez ernalduko den udaberria bizitzeko.

Horretan diardugu. Euskal gizarteak erakutsi du elkarlanean aritzeko prest dagoela, bakea bada helmuga. Bakea eraikitzen diardugu bide honetan ematen dugun urrats bakoitzeko. Merezi baitugu penez baino, itxaropenez aurrera egitea. Merezi dugu elkarri mokoka baino, elkarbizitzari ekitea. Merezi dugu amorruz baino, amorez jardutea.

Mantra gisa errepikatu ditugun hitz eta esaldiok balio bezate ohartarazteko prest gaudela; Parisera joan ginen bezala, larunbat honetan Bilboko kaleak beteko ditugula. Balio bezate kontzientzia hartzeko bakoitzaren ekintzetatik lortuko dugula bakegintzan aurrera egitea. Balio bezate aldarrikatzeko, errealitate bilakatu nahi dugun hori; Eskubide guztiak pertsona guztientzat nahi ditugula. Gu, elkarrekin aurrera egiteko prest gaude, eta Urtarrilak 13an Bilbon erakutsiko dugu, gizarte bezala, eta Herri bezala.

Lohitzune Txarola Gurrutxaga,
Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari ohia
Eusko Alkartasunako Bizikidetzako eta Giza Eskubideetako arduraduna