Orain Presoak Ekimenak antolatuta bihar Donostian egingo den manifestazioan parte hartuko du Pello Urizar, idazkari nagusiak buru duen Eusko Alkartasunako ordezkaritza batek.
Euskal presoen eskubide guztiak bete daitezen eskatuko du Eusko Alkartasunak biharko martxan eta “alderdi politikoak eta erakundeetako ordezkariak gizarte zibilarekin bat” egitearen garrantzia azpimarratu du, “euskal jendartearen gehiengo zabalak gai honek giza eskubideetan oinarritutako konponbidea izatea eskatzen duela erakusteko”.
ETAren armagabetzetik urtebete igaro denean eta garai politiko berria erabat sendotuta dagoenean, “beharrezkoa eta urgentziazkoa da espetxe politikan ere epe berria zabaltzea”, Ruiz de Egino, Eusko Alkartasunako bozeramaileak esan duenez.
Larunbateko manifestaziora joateko gonbitea egin dio euskal gizarteari: “Herritarren sentsibilitate nagusia kalean isla izatea garrantzitsua delako eta, gainera, gatazkaren ondorioen arloan konpondu beharreko gaiak erakunde politiko eta sozial, erakunde eta jendartearen artean aztertu behar direlako”.