Hainbatetan gezurtatu den EAJ eta PPren arteko hitzarmena gauzatu da aste honetan. Eta utzi duen irudia da errazago zaiela Mariano Rajoy, Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzarri komunikabideetan eta erakundeetan berau defendatzea, edozein afiliatu jeltzaleri lagun artean baino.
Eta azaltzea zaila bada zertan eragiten digun esatea ere zaila delako da. Zer ekarriko digu onik euskal hiritarroi hitzarmenak, Kontzertua eta Kupoari buruzko handinahi erako hitzarmenak baino. Zertan hobetuko da nire bizitza?, galdetu diezaioke EAEko hiritar batek Urkullu jaunari.
Kontzertua eta Kupoa derrigorrez bete beharreko legeak dira, eta Espainiar Gobernuaren –oraingoaren eta aurrekoen kasuan ere- zailtasun egoeran negoziatzen badira EAJk horrela izan zedin erabaki zuelako da, jokoaren arauak aldatzea hautatu zuen. Era berean, alderdia eta herriaren arteko sinbiosia bultzatzera jokatzen du, EAJrentzat ona dena Euskal Herriarentzat ere ona dela, edo Euskal Herriaren zati baterako behintzat.
Mariano Rajoyren PP bakarrik dago, oso errentagarria zaion bakartasunean, eta akordioa horren sendabide bezala saldu egin du: “EAJren babesa lortzen badut, ez naiz horren gaiztoa izango”, esan dezake. Jeltzaleek berriz EAErentzat “errentagarriak” direnaren irudia eman nahi dute eta adostasunak biltzeko duten gaitasunaz harro agertzen dira. Kontua da hitzarmenak ez direla berez onak, mamia eta bidaiakideek ematen dute bere neurria.
Erakundeak gobernatzen duenarekin kontu batzuei buruz bai ala bai hitz egin beharra gauza bat da eta beste bat ustelkeria eta ultraliberalismoaren PPren alde egitea hautatzea. Eta horixe da EAJk egin duena.
PPren behar, epe eta marra gorriei men eginda jarrita hautatu du bidaiakidea EAJk. Beharra eta epea PPk aurrekontuak onartzeko behar zuena dira, eta marra gorriak popularrak Espainiak ezeroso ez sentitzeko beharrekoak dira. Garbi geratu zen hori Egibarrek negoziaketan pendiente dauden bakegintza eta normalizazio gaiak sartuko zirela esan eta iturri ofizialek berehala gezurtatu zutenean.
Kupoari buruzko akordioa orain edo geroago derrigorrezkoa zela argi utzita, EAJk akordioarekin “ekarri diguna” zer ekarpen egiten digun galdetu behar dugu. Ezezkoa da erantzuna. Murrizketen eta ustelkeriaren PPrekin adostuta hiritar aurruntak ezer onik ateratzea ezinezkoa da. PP Estatuaren Gobernuan sendotzea ez da ona, inondik ere begiratuta. Murrizketek, lan erreformek, birzentralizatzeko ahaleginek ez digute eragiten ala?