Nerea Martinez Cerrillo, EH Bilduko Arabako batzarkideak erreforma fiskal sakon baten beharra aldarrikatu du berriro ere, eta oso kritiko agertu da EAJ eta PSEren foru Gobernuak ekonomia suspertzeko hartutako neurriekin. Martínez Cerrillok adierazi duenez, zerga-pizgarriak handitzeko neurriak, berez, ez du herrialdearen suspertze ekonomikoa bultzatuko. Izan ere, pizgarrien ondorioei buruzko txostenik ez dagoela gogoratu du batzarkideak.

Ildo beretik, gaur foru ganberan zerga-neurriei buruz onartu den Foru Arauaren proiektuaren tramitazioa “beste aukera galdua” izan dela esan du Martínez Cerrillok, “progresibitatea bultzatu beharrean, behar handiena duten pertsonen egoera kontuan hartzen ez duten neurri atzerakoiak indartzen ditu eta errenta maila handiena duten pertsonei zuzendutako neurriak bultzatu”. EH Bilduk PFEZren taulen erreforma sakon baten alde egin du, erreforma fiskal integralaren barruan.

Bestalde, irabazi asmorik gabeko erakundeen zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko eztabaidan, kritiko agertu da Martinez Cerrillo Gobernuaren proiektuarekin, batez ere zerga-pizgarriak jasoko dituzten subjektuei dagokienez.

Araban egoitza ez duten -Estatuko espainolean egoitza duten guztiak, alegia- irabazi asmorik gabeko entitateei zerga erregimena aplikatzearekin ez dago ados EH Bildu. Era berean, Martinez Cerrillok azaldu duenez, EH Bildu Espainiako Estatuak onura publikokotzat jotako erakunde guztiak automatikoki Arabako foru-arauan sartzearen aurka egin du. Izan ere, horrela, adibidez Francisco Franco Fundazioa edo Hazte Oír bezalako erakundeek onura fiskal eta ekonomikoak izango lituzketela ohartarazi du batzarkideak.

Azkenik, ikuspegi laikotik, erakunde erlijiosoek duten pribilegioa kritikatu du, horiek ez baitituzte gainerako erakundeentzat ezarritako baldintzak bete behar.