Abenduak 3 den honetan, Nafarroak bi gauza ditu ospatzeko eta aldarrikatzeko, gure nortasuna eta gure ama hizkuntza. Nafarroa ez da ulertzen bere eskumen eta subiranotasun propiorik gabe, ez eta euskararik gabe. Urte honetan, Nafarroaren Egunak eta Euskararen Nazioarteko Egunak, aldaketa politiko eta kulturalaren bigarren urtemugara bidean harrapatzen gaitu. Nafarroa osoko udaletatik eta Foru Gobernutik ere, aldaketa sostengatzen dugun indarron bultzadaz, hasi gara pausoak ematen bi alor horiek fruitu berriak eman ditzaten, bai autogobernuaren defentsan bai euskararen normalizazioan.
Aurki onartuko diren Nafarroako Aurrekontu Orokorrak osatzeko prozesuan, agerian gelditu da, enegarren aldiz, Nafarroak ez duela inolako subiranotasun ekonomikorik. Horregatik, funtsezkoa da bai Nafarroaren Egunean eta baita Autogobernuaren defentsan indar politiko guztiak elkar hartuta egotea, desberdintasun ideologikoen gainetik. Izan ere, jokoan Nafarroaren bideragarritasun ekonomikoa eta gure gizartea hobetzeko gaitasuna daude. Egungo testuinguruan, Foru Gobernuak onartutako 15 lege bertan behera utzita ditu PPren Gobernuak, indartsu agertu behar dugu Estatuarekiko. Bi urte daramatzagu hitzarmen ekonomikoaren oinarrizko urtea luzatuta eta Nafarroak baditu nahikoa arrazoi Estatuari egun egiten zaion ekarpena gehiegizkoa dela defendatzeko. Beraz, negoziazio arrakastatsu batetik hamarnaka milioi aurreztu litezke, lurralde honek dituen erronkei aurre egiteko. Horregatik, dei egiten diegu indar politiko guztiei bidea eskutik helduta egitera, gure autogobernuaren, gure ongizatearen eta gure etorkizunaren defentsan.
Elkarrekin agertu beharko dugu, zentzu berean, euskararen normalizazioaren defentsan. Aldaketa sostengatzen dugun indarrok, urte luzez euskara bizirik mantentzeko ahalegin izugarria egin dugun herritarrok, indarrak bildu eta euskararekiko gure konpromisoak berretsi behar ditugu. Orain artean, eskuina gobernuan izan den urte guztietan, euskaraz bizitzeko eskubidea urratzen duten legeak eta dekretuak sortu dira: administrazioan, hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzearen arloan, hedabideetan eta abar luze batean. Horregatik, ezinbestekoa da euskarari arnasa ematea, zonifikazioa gainditzea eta euskararen estatuz juridiko berria bultzatzea, euskara ofiziala izan dadin lurralde osoan. Horretarako bitarteko nagusia Euskararen lege berri bat izanen da. Lehen pauso garrantzitsuak eman dira jada, aurrekontuetan euskalgintzarako diru partidak biderkatzea eta D eredua eremu ez euskaldunera zabaltzea besteak beste. Beharrezkoa da baina lanean jarraitzea, bereziki, elkarlanaren eta adostasunen bila.
Urte luzez egon dira Nafarroa eta Euskara UPNren itzalpean eta giltzapean, gure izaera, kultura eta eskubide propioak bide bazterrean alboratuta, eta gure hizkuntza, lingua navarrorum, mespretxatuta. Orain da garaia argipera, plazara, ateratzeko; Nafarroa berri, burujabe eta euskalduna eraikitzeko.