Biolentzia matxistaren aurkako egunean, Eusko Alkartasunak gizarteak matxismoaren aurkako borrokan sakondu egin behar dela adierazi du, matxismoaren forma guztiak ekiditeko.

Batzuek diotenez, egun ez daude eraso matxista gehiago, baizik eta ezagunagoak dira eta, zorionez, gehiago ere salatzen dira. Ziurrenik hau egia da, baina ezin ezkutatu dezakegu emakumeen aurkako biolentzia gure gizarteko konstante bat dela. Horregatik, EAk instituzioei dei egiten die matxismoaren manifestazio guztiak azaleratu eta borroka ditzaten, ez eraso fisikoak bakarrik, naiz eta haiek guztien artean larrienak diren.

Janzteko arauak, inork eskatu ez dituen emakumeen gorputz edo itxurari buruzko iritziak –naiz eta “positiboak” izan-, neskak jolastokietan lekurik ez izatea mutilek espazio guztia hartzen dutelako, emakumeak gauza bihurtzen dituen publizitatea, soldaten arteko aldea… Aipatutakoak matxismoaren formak dira eta horien aurka egiten ez badugu gizartean ohikotzat hartuko dira.

Eusko Alkartasunak ohartarazi du, halakorik gerta ez dadin gizartea berdintasuna eta feminismoaren ikuspuntutik aldatu egin behar dela: horrela bakarrik lortuko dugu populazioaren erdia bere generoarengatik desberdintasun egoerarik ez bizitzea.