Errazti lehendakari anderea, alderdiko burukide eta bestelako agintari agurgarriak, alderdikide eta lagun maiteok.

Hasi baino lehen, zuei denoi, beste edozeren aurretik, eskerrak ematea ezinbestekoa egiten zait, omenaldi hau zuen emankortasun eta maitasunaren adierazle delako, batez ere.

Bestalde, belaunaldi oso baten aldeko omenaldi bezala ere ikusten dut gaurko ekitaldi hau. Nire belaunaldiko abertzale guztiei eskerrak eman nahi nizkieke, beraz, gaur arte gure herriaren oinarrizko balioak, estiloa eta kultura defendatzen, zabaltzen eta irakasten lortu duten guztiagatik.

Zorte on ikaragarria izan dut gauza askotan, behar nuen tokian eta behar zen garaian aurkitu naizelako: 15 urte nituela, 1936 garrenean, Agirre Lehendakaria ikusi nuen Bilboko Plaza Eliptikoan Gudarien martxa presiditzen. Nork esan behar zidan niri hamabost urte geroago, Caracas-en eta kazetari gisa prentsaurrekoa antolatzen zerbitzatzeko parada izango nuenik? Eta urte pare bat beranduago, 1959an, Venezuelan bertan, eta bere eskutik, ´Hiltzaileak´ ipuina zela kausa, lehen sariko urrezko domina jasotzeko ohorea izango nuenik? Handik urtebetera, Parisen bihotzekoak jota hil zenean, neuri egokitu zitzaidan Caracasen, Centro Vascoko presidente gisan haren elizkizunetan buru egitea. Nork esan behar zidan hori niri?

Eta halaxe gertatu, alajainkoa!

Jesus Maria Leizaola izendatu zuten ordeko, 1960 garrenean. Juan Ajuriagerra-ren bitartez bildu ninduen Baionako hotel batean. Eta zehaztu egin zidan nire egitekoa: EAJko kontseilaritza isilpean bete behar nuela, barruan, interiorrean, alegia, Alderdi aldizkaria egiten jarraituz. Síntesis de la historia del País Vasco idazten ari nintzenean gertatu zen hau guztia.

Halako batean, hil zen Franco, 1975 garrenean. Azkar noa, badakit. Baina ez nuke inor aspertu nahi.

Handik urtebetera itzuli ginen etxera, eta utzi egin nuen politikagintza. Baina, hala ere, interes handiz jarraitu nuen Karlos Garaikoetxea jaunaren hautapena. Eta bere gidaritzapean euskarako zuzendari izateak ohore handia izan zen niretzat.

Ajuriagerrak agindu zidan bi hizkuntzetan argitaratzekoa zen ‘Deia’ egunkarian, euskarazkoak nire ardura izan behar zuela, eta halaxe sartu nintzen euskarazko kazetaritza lanean. Handik urte askora, Euskaldunon Egunkaria sortzeko ahaleginetan ere murgildu nintzen, langintza horretarako aukera eskaini zidatenean.

Ibilbide luze eta korapilatsu honen bukaeran, gaur bertan alegia, begiak inoiz baino irekiagoak ditudala iruditzen zait. Gure herriaren ibilbidea, neurearen paraleloa ere izan dena, urrundurik ikusi eta aztertu izan dut. Zeuekin partekatu nahiko nituzke ateratako ondorio batzuk.

Euskal Herriaren ibilbide oso luzea eta zaila izan den arren, ganorazko izan dela iruditzen zait. Euskaldunon nortasuna eta lekua mantentzen jakin izan zituzten gure aurrekoek, eta geuk ere eredu horri orokorki erantzun ona eman diogula iruditzen zait.

Euskaldunon lana, hitza eta estiloa, hau da kulturak, oro har, errespetua sortarazi du, eta guk ere, geure egoskorkerian, koherentzia moduko bat gorde izan dugula esango nuke.

XIX garren mendean kultura horri proiektu politiko bat ezarri zion Sabino Aranak, eta proiektu hori osatzen, egokitzen eta heltzen saiatu izan gara, gerrak, diktadurak eta bestelako zirelarik tartean.

Nik neuk, guetako hainbeste eta hainbeste euskaldunek bezalaxe, kartzela edo erbestea ezagutu ditut. Beldurra pasa dugu, eta sufritu ere egin dugu. Geure hizkuntza debekatuta ikusi dugu. Gutako nahikotxok heriotza jaso zuen abertzale izate soilagatik.

Baina euskaldunon aberriaren proiektua bizirik dago. Gure gizartearen gehiengoa burujabetasunaren aldeko erantzuna eman zuen oraintsuko hauteskundeetan ere. Eta ez zuen hori egin edozein egoeratan, baizik eta ekaitza mediatiko izugarri baten aurrean. Erantzun duina, garbia eta zentzuzkoa eman zuen, ordea:

Aberri Proiektuarekin jarraitu. Bakeaz.

Azken 20 urte hauetan, sekula baino aurrerapauso handiagoak eman ditugu burujabetasuna eraikitze bidean. Euskara berreskurapen bidean jarri dugu eta etorkizuna geure esku dago, neurri handi batean, behinik behin.

Gure herriaren azken urteotako berpizte horretan parte hartzaile eta, aldi berean, lekuko izatea, zorionik handienetakoa izan da niretzat.

Alabaina, bidearen zati bat egin badugu ere, zatia dago oraindik egiteko. Eta nolakoa!

Lehenago garai gogorrak eta zailak pasa ditugu, datozen urteak, hamarkadak eta mendeak ez dira orain arte ezagutu ditugunak baino errezagoak izango. Inoiz gure herria arazorik gabeko herri libre izango dela uste duenak, ametsetan besterik ez dabil. Euskaldunon nortasun eta burujabetasunaren aldeko lana etengabea izan beharko da. Betiko ahalegina baina, era berean, beti desberdina izango dena.

Gehiegikeria militarrak, lege-debekuak eta atxiloketak ezagutu bagenituen, horiek baztertu gabe oraindik, beste meatsu batzuk ezagutuko ditugu aurreratzen ere: argudio ekonomizistak, gezurrezko globalizazio eta progresismoaren aldekoak, aurka izango ditugu. Hemendik aurrera ordea, gaur arte baino prestatuagoak egongo gara, eta baliabide gehiago izango dugu geure esku. Horiexek izango dira gure etorkizunerako bermeak.

Zailtasun eta era berean aukera horien aurrean, euskaldunok, eta abertzaleok bereziki, betidaniko baloreak eta tresnak prest izan beharko ditugu, eta gainera beste batzuk prestatzen asmatu beharko dugu. Horietatik hiru azpimarratu nahiko nituzke:

Nire gaztaroan, euskara eta batez ere, euskara idatzia, oso egoera latzean zegoen: hitz egitea debekatua zenez, euskaraz idatzitakoa inprimatzea lan ia ezinezkoa zen. Hori hala izanik, ez zegoen egunkaririk, historiarik edo literaturarik.

Nola, bada, izan ahal genuen guk inolako euskal kulturarik?

Gure herriak jasandako eraso hauen aurrean, nire belaunaldikoak lanaren bidez hutsuneak betetzen saiatu ginen: Historia landu dugu, literatura ere egin dugu, eta komunikabideetan ere urratsak eman ditugu. Orain dela hogei urte irratia eta telebista sortu, eta urte batzuk geroago, euskarazko lehen egunkaria sortu genuen. Lan horien guztien gainean beste lan batzuk egin beharko dira, harri baten gainean beste bat jarriz, etxeak eraikitzen
diren eran.

Lana da gaur egun abertzaleok gure herriaren alde egin dezakegun zerbitzurik onena. Denok eman dezakeguna horixe da. Orain arte sortu eta aurreratzean sortzen ditugun erakundeen bidez egin behar duguna hauxe da:

Lana, gure seme alabei euskaraz bizitzen erakusteko. Lana, euskaldunok, betidanik ezagutu ditugun balioak irakatsi eta praktikan jartzeko. Lana, euskaraz hitz egin, irakurri, idatzi eta ikusentzuteko. Lana, gure gizartea librea, justua eta emankorra izango dela ziurtatzeko. Lana, Nafarroako eta Iparraldeko gure anai/arrebengana hurbiltzeko. Eta azkenik, lana, geuk egindakoa eta geu garena, gure erakundeen ispiluan ikusita, munduak ezagutu, onartu eta errespeta dezan.

Lana da, beraz, gure balore sekretua eta lanean ari gara. Baina lanari gogotik ekin behar zaio. Lana berez gure ezaugarrietako bat den arren, sarritan falta izaten zaigun trebeziaz jantzi beharko dugu. Trebezia, gu geu geure herriaren egoeraz jabetu eta besteei ulertarazteko. Trebezia, gure asmoak kanpoan ere onargarriak eta erakargarriak izan daitezen. Trebezia, non eta nola kokatu asmatzen jakiteko.Trebezia, gure hel-buruak pausoz pauso lortzen jakiteko. Herri txikia garenez, Trebezia Kolektiboa, Trebezia Historikoa, eraikitzen jakin beharko dugu. Laburki esanda, Herri kultoa eta trebea izaten ikasi behar dugu.

Azkenik, alderdikide maiteok, gure Alderdiaren izenean dagoen hitz bat erabili behar dut nahi eta nahi ez: Alkartasuna.

Euskaldunok elkarlanean aitzindari eta eredu izan gara. Gure itsasoko enpresetan aspaldi erakutsi dugu antolaketa eta elkarlan onak noraino eraman gaitzakeen. Gure enpresak sortzeko ahaleginetan ikusi zen hori XIXgarren mendean, eta XX garrenean, kooperatiben munduan urrats esanguratsuak emanez, elkarlanerako sistema hori egokitzen ere badakigula erakutsi dugu.

Baina lorpen horiek guztiak herri bat osatzeko proiektuaren zatiak bestetik ez dira. Euskaldunok oraindik erakunde handiago bat eraikitzen ikasi behar dugu. Gure aberria, alegia, eta horretan oraindik ez daukagu esperientzia handiegirik. Hori da, ordea, gure gaurko eta biharko erronkarik nagusiena. Nola elkartu eta batu gure gizartea, bai guk geuk eta baita kanpokoek ere, gure aberria begi bistan ezagutzeko, eta errespetatzeko? Zergatik ez maitatzeko?

Nirea bezalako ibilbide luzea egin duenarentzat, elkartasuna une zailetan etortzen dela jakina da. Bestalde, egoera erosoak zailtasunak uxatzen dituela ematen duenean, elkarren kontrako liskarrei bidea zabaltzen zaiela dirudi. Baina kasu, elkarlana eta Alkartasuna dira gure indarrik preziatuenetakoak. Guretzat ezinbestekoak dira horiek, batez ere, une honetan bezala, abiada apur bat hartu dugunean. Ezbairik gabe esan bailiteke, inoiz baino osasuntsuago ikusten dudala gaur gure herriaren posizioa eta etorkizuna.

Neu naiz, osasunik gabe nabilela, ez baitit zuenganaino etortzen utzi. Jakizue, hala ere, hitz hauek esateko aukera pozgarri honen bidez zuen artean nagoela. Hunkiturik.

Nire eskerrik beroenak.

Jatorria: Martin Ugalde