Elkarrizketa Nafarroako EAko presidenteari Berria egunkarian Nafarroako Parlamentuan gora eta behera dabil Maiorga Ramirez (Tafalla, 1976). Elkarrizketa atontzeko argazkilariaren aginduak bete ondoren erantzun die galderei. Lan hori bukatuta, Ganberako lanera itzuli da.

Nafarroa Bai koalizioan aurkeztuko zarete 2007ko foru hauteskundeetara. Akordioa martxoaren bukaerarako itxiko duzuela esan du Aralarrek. Hori uste du EAk ere?

Prozesua luzea eta korapilatsua izango da. Proiektu politiko ezberdinak ditugun lau alderdi gara. Oraindik itundu gabe daude programa eta barne egituraketa. Agian, akordioa martxoaren bukaerarako itxita egongo dela pentsatuta, Aralar gu baino baikorragoa da. Biok argi dugu uda baino lehen akordioak itxita egon beharko duela, hauteskundeetarako gure eskaintza gizarteratzeko denbora izateko.

Badirudi Aralar prozesua azkartzearen alde dagoela eta zuek moteltzearen alde. Zergatik behar duzue denbora gehiago?

Ez dugu denbora galdu behar, baina adi egon behar dugu egoera politikoak markatzen dizkigun parametroei. Euskal Herrian oso prozesu historiko garrantzitsuan gaude. Gizartea itxaropentsu dago. Koalizio honek ere adi egon behar du prozesu horretan ematen diren pausoei. Pauso horiek bide egokian badoaz, Batasunaren legeztatzea ekarriko dute. Horrek Batasunaren eta gure arteko elkarlana ere erraztuko du. Nafarroa Baik behin baino gehiagotan esan du bere helburua beste abertzaleekin Batasunarekin ere akordioak eta elkarlana bultzatzea dela. Elkarlan hori gauzatzeko egon diren oztopoak gainditu ahal dira egoera politiko berri batean. Bi edo hiru hilabete itxaroten badugu, politikak ekartzen dizkigun berriei adi bagaude, Batasunaren eta besteon arteko elkarlana erraztuko da. Bestetik, Aralar eta biok diogu koalizioa ongi gauzatu eta elkarlana sendotu egin behar dela. Orokorrean, bi alderdien artean ez dago kontraesanik edo jarrera ezberdinik.

Dena dela, azken gertaerek ez dute bake prozesua eta aldaketa politikoa gertu daudela pentsatzeko itxaropenik eskaintzen.

Aukerak hor daude, eta EA konprometituta dago prozesu horretan. Bakerako bideak ez du atzera bueltarik. Bakearen bidean gaude eta orain EAren lehentasuna bake prozesua da. Zintzoki jokatzen ari gara eta konbentzituak gaude benetakoa dela.

Batasuna aipatu duzu, baina berak eta IUN-NEBk ere esan dute ez dutela akordiorik nahi Nafarroa Bairekin. Batasuna haratago joan da. Azkarregi zoaztela leporatu dizue eta lehentasuna prozesuak duela esan du.

Abertzaleek bake prozesuan inplikatu behar dugu. Horretan ados gaude Batasunarekin. EAk konpromisoa du bake prozesuarekin, eta konpromiso horretan eman beharreko pausoak emango ditugu Batasunarekin. Batetik, Nafarroa Bai bake prozesuan sartzeko eta, bestetik, bake prozesuan Nafarroa Bai koalizioak EAren parte-hartzea ez ekiditeko. Batasunarekin eta beste alderdiekin hitz egiteko unea da. Nafarroa Baik ez du trabarik jarriko EAk Batasunarekin harremanak izateko eta areagotzeko.

Izan dituzue harremanak Batasunarekin koalizioaz hitz egiteko.

Egia da badagoela Nafarroa Bain zenbait eragile Batasuna koalizioan sartzeko behar bezalako indarra egiten ez dutenak. Batasunaren jarrera ere ulertzen dut. Alderdien Legea dela eta, legez kanpo daude. Jokaleku politiko berri batekin hori gainditzen bada, hauteskundeetan duten indarra neurtu nahiko dute. Baina abertzaleen elkarlanak ez du zertan hauteskunde koaliziora mugatu, eta Batasunarekin bide hori aztertuko du EAk.

Koalizioko alderdi batzuek ez dute ikusten Batasuna Nafarroa Bain?

Zalantzak ditut EAJk borondatea ote duen Batasuna Nafarroa Bain egoteko. Baina horri erantzutea EAJri dagokio. EAren apustu sendoa izan da Batasunarekin elkarlana bultzatzea. Hauteskunde akordioa egiteko edo ondoren akordioak lortzeko.

Nolakoa izan behar du EAren eta Batasunaren arteko elkarlanak?

Modu askotakoa. Izan daiteke hauteskundeen ondorengoa, edo bake prozesuaren eta jokaleku aldaketaren inguruan azterketa komunak egitea, jokaleku berria lortzen den ikusteko. Okerra da abertzaleen arteko elkarlana hauteskunde koalizioetara bakarrik mugatzea. Badaude lan egiteko beste modu asko. Eta hauteskunde koalizioan ez sartzeak ez du esan nahi besteekin ezin duzula akordiorik lortu eta elkarlana bultzatu. Okerra da hauteskunde koalizioetara mugatzea, eta batzuek oker hori egiten dute. Batasuna gure koalizioan hauteskundeetara aurkeztu edo ez, EAk argi du eragile politiko esanguratsua dela. Nafarroan historikoki abertzaleen artean indar gehien izan duena da eta EAk Batasunarekiko elkarlana aztertu behar du.

Horrek esan nahi du EAk koalizioa utz dezakeela Batasunarekin beste akordio bat egiteko?

Ez. EA, Aralar, Batzarre eta EAJk esan dugu elkarrekin joanen garela hauteskundeetara. Oraindik Nafarroa Bai ez dago lotuta eta prozesuan arazoak egon daitezke; baina, printzipioz, gure borondatea 2004ko hauteskundeetan egindakoa 2007ko hauteskundeetan errepikatzea da. Gehitze gehiago izateko helburua ere badugu, baina bidean arazoak egon daitezke. Horrek ez du esan nahi Batasunarekin inongo elkarlanik izan behar ez denik. Batasunarekin elkarlana bultzatzeko eta bion artean ahal diren akordioak lortzeko konpromisoa dugu.

Egoera politikoa aldatzen bada 2007an aldaketa politikoa gerta daitekeela uste duzue?

Bai. 2007ko maiatzerako bake prozesua martxan egonen dela uste dut, eta eragile politiko guztiek egon behar dute prozesu horretan. Zenbakiak ateratzen badira, ez dut zalantzarik eskuina Gobernutik kentzeko UPNz eta CDNz beste guztien arteko akordioa lortuko dela Nafarroan.

Aralarrek alderdien mahaia eratzeko eskatu dio Miguel Sanzi. Zer iruditzen zaio EAri proposamena?

Proposamena ongi dago, baina landuagoa egon behar luke. Proposatu aurretik adostasuna eta parte-hartzea bultzatu behar dira. Bake prozesua oso serioa da, sukalde lana nahitaezkoa da eta Aralarrek ez dauka lan hori eginda. Euskal Herria bat da, eta mahai bat egon beharko luke. Egia da Nafarroako egoera beste bat dela, eta gogoeta egin beharko genukeela ea Nafarroan beste mahai bat beharrezkoa den edo ez zehazteko, baina horrek sukalde lana eta akordioa behar ditu. Horrelako proposamenak sukalde lana egin gabe botatzen direnean, bitarteko hori aurrera ateratzea ez, erretzea lortzen da.

Dena den, UPNk ez duela prozesuan sinesten esan du behin eta berriro. Nafarroak ez duela trukerako txanpon izan behar exijitu du.

UPNk badu bertute bat, orain esaten duena esanda ere gero beste zerbait esan dezakeela. Sanzen adierazpenak oso anbiguoak dira. Batetik, Madrildik esaten diotena esaten du, gero berak pentsatzen duena, eta beste batzuetan Jaime Ignacio del Burgok dioena botatzen du. Logikoa ez den polifonia bat ikusten dugu UPNn. Eragile guztiak mahai batean politikaz hitz egitea da helburua, eta UPN eser daiteke mahai batean. UPN eta PP oso eroso daude ETAk atentatuak egiten jarraitzen duelako, baina ETAk su-etena ematen badu, bi alderdion muturreko jarrera agerian geratuko da. Horrek bultzatuko luke UPN aurrerapausoak ematera eta besteekin mahai batean esertzera. ETAk baditu bitartekoak mahaia bideratzeko; su-etena ematea, alegia.

Irene Arrizurieta. berria.info
Jatorria: Maiorga Ramirez