Maiorga Ramirez EH Bilduko foru parlamentari eta Eusko Alkartasunako kideak “Pirinioetako oinarrizko beharrei” premiazko erantzuna ematea eskatu du gaur Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran. Hori nabarmendu du landa-eremurako mezenasgorako foru lege bat egiteko Geroa Bairen mozioaren eztabaidan; eta “eskola-garraioa hobetzeko” zuzenketa aurkeztu dio Ramirezek. Hala ere, Geroa Baik ez du zuzenketa onartu, eta, beraz, ezin izan da bozkatu.

Zuzenketa horren helburua zen Nafarroako Gobernuari eskatzea “irizpide ekonomizistak eta murrizketak alde batera uzteko eta ikasleak ikastetxeetara joateko mugikortasuna hobetzeko; bereziki, Abaurregainako ikasleei taxi traktorearen jarraipena bermatzeko eta Oroz-Beteluko ikasleei mota honetako garraioa jartzeko, Garraldako eskolarako ibilbidea denbora aldetik arrazoizkoa izateko eta arriskuak gutxiagotzeko”.

Zentzu horretan, Maiorga Ramirezek esan du: “Guk zuzenketa honekin nahi izan duguna da Legebiltzarrak mezu ozen eta argi bat helaraztea zonaldearen azken erreklamazio eta aldarrikapen premiazkoena izan denari”.

“Hitz eta asmo onez, Legebiltzar honetan egindako ponentzian egiaztatu ahal izan zenez, nekatuta daude. Txosten eta eranskin bikainak eta oso argigarriak izan zituen ponentziak, eremu horretako despopulazioa eragozteko eta egoera hobetzeko jarraitu behar den bidea zehaztuz. Eta horiek guztiek ondorio bat dute, hau da, ez direla irizpide berak aplikatu behar Pirinio aldean eta Nafarroako beste eremu batzuetan, eta Nafarroak bere egituraketa erradiala birplanteatu beharko duela, eta beharrezkoa dela neurriak despopulazio fenomenoa gertatzen den zonaldeetako behar espezifikoetara egokitzea”, ondorioztatu du parlamentariak.