Duela urtebete bakearen bideak bueltarik ez zuela adierazi zuen; orain, ordea, gertaerek okerrera egin dutela uste du, «zoritxarrez». Prozesuak ematen ez duen ilusioa, Nafarroa Baik ematen duela iritzi dio.

Lehen legegintzaldia amaitu du Foru Parlamentuan Maiorga Ramirez Nafarroako EAko presidenteak (Tafalla, 1976) , eta bigarrenera Nafarroa Bairen bigarren zerrendaburu gisa aurkeztuko da. Argi du lehentasuna UPNri eta CDNri gailenduko zaien gobernu alternatibo bat osatzea dela.

Aste hau ETAren elkarrizketarekin hasi da. Berritasunik ikusi duzu?

Ez, zoritxarrez. Ez dio inolako ekarpenik egiten Euskal Herriaren egoerari. Uste dut prozesuarekiko ilusioa galtzen ari direla herritarrak oro har, eta erantzule nagusia ETA da.

Ezker abertzaleak azken egunetan zabaldu du hauteskundeetara aurkezterik ez badute prozesua «larri zaurituko» dela. ETAk, berriz, dio «oso kontuan» hartuko lukeela hori.

Azkenean, betiko moduan, eztabaida politikoak zaindu nahian ari da ETA, eta hori ez da bidezkoa. Bestetik, uste dugu prozesuarentzat berebizikoa dela, modu batean edo bestean, Batasuna herritarrek aukeratzeko moduan izatea. Baina, era berean, kezkatuta gaude ez diogulako ikusten ezker abertzaleari proposamen seriorik Alderdien Mahaia eratzeko. Orain ETAk Estatuarekin politikaz hitz egiteko jokoan dabilela iruditzen zaigu. Horren ondorio da lau herrialdeetako estatutuaren proposamen bitxia. Zer da estatutu hori? Oso kutsu eta hausnarketa politiko gutxi dauka. Gure ustez, abertzaletasunarentzat ez da komenigarria.

Alderdien mahai hori osatzeko bidean, irudipena duzu beste alderdiek gehiago egin zezaketela?

«Guk Aznarrek baino gutxiago egin dugu», hori errepikatu dute PSOEko hainbat kidek. Ez du pausorik eman, eta ausardiarik ere ez du izan. Egia da Alderdi Popularrak arazoak sortzen dizkiola, baina aitzakia horrek ezin du justifikatu inolaz ere PSOEren jokaera arduragabea.

Zure ustez, nor da blokeoaren erantzule ?

Erantzukizunak bi aldeetan daude. Alderdien mahaia osatzeko deialdia egin behar zuen PSOEk, eta ETAk egin behar duena da armak uzteko borondatea agertu, eta gauza zehatzekin, gainera. Horren inguruan, ikusi da nola alderdi abertzale eskuindar bat prozesuan oztopoak jartzen saiatu den. Egia da. Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean aurrerapauso nabariak eman zitezkeen prozesu bat zergatik oztopatu nahi izan du EAJk? Ez ote da eroso egonen gaurko egoeran?

Zure iritziz, EAJ PSOErekin lerratu da?

Bai, EAJk beldur dio herri honek aurrerapausoak emateari, eta, horregatik, PSOEren kolpekariaren rola hartu du. Kezkagarria izan da EAJren jarrera, eta argi dago EAJren abertzaletasun kutsua askotan itxurakerian geratzen dela.

Horregatik erabaki al zuen EAk EAJrekin ez aurkeztea EAEn?

EAren biltzar nagusian argudio asko jarri ziren mahai gainean, eta afiliatuok bozkatu egin genuen. Hori izan zen argudio nagusietako bat.

Iazko martxoan, «bakearen bideak ez du atzera bueltarik» esan zenion BERRIAri. Berdina esango zenuke orain?

Gauzak asko aldatu dira, txarrerako. EAn argi dugu bakearen bideak ez duela bueltarik, zeren eta gizarteak eta ezker abertzale ofizialak barneratua dutelako bide militarrak ez duela inongo argudiorik, ez moralki, ez estrategikoki. Min egiten dio abertzaletasunaren oro har. Kezkatuta gaude, halaber, bueltarik ez duen prozesu honek ez duen Euskal Herrian bizi dugun gatazka konponduko.

Uneotan giltzarria dirudi ezker abertzalea hauteskundeetan egotea. PSOEk utziko al dio?

Argi dugu egongo direla, eta bideak zehaztuak dituztela. Eta honetan badagoela eszenifikazioa bat, benetako arriskua baino gehiago.

Duela lau urte, UPNk Gobernuan jarraituko zuela zirudienez, dena salduta zegoen. Orain, Nafarroa Baik bigarren izateko helburua du, eta dena saltzeko dago.

Badakigu ahalmena dugula eta gaitasuna, baina gizarteak aukera hori nahi izan behar du. Familien eta abertzaleen artean nabaritzen dugu prozesuak ematen ez duen ilusioa NaBaik ematen duela.

EAJ kritikatu duzu, baina Nafarroa Bairen barruan dago. Alternatiba eraikitzea da lehentasuna?

Azkenean, dituzun helburuetarako eman beharreko pausoak ikusi behar dira politikan. EAren kasuan independentzia da, eta badakigu desberdintasun nabariak ditugula beste alderdiekin. Baina Nafarroan estrategia berezia egin behar dugu abertzaleok, eta horrek eramaten gaitu ikustera nola helburu komunak lotuz, koalizio bat egin ahal dugun gizarteari erantzuteko. Ditugun helburuetarako bitarteko bat da NaBai.

Lehiakide nagusia UPN da. Martxoan Iruñean manifestazioa antolatu eta PSNri gobernua osatzea proposatu zion. Apirila eta maiatza beroagoak izango al dira?

Argi dago Sanzek saltzen duen foralismo hori itxurakeria dela. Bestela, bat egin ahalko genuke abertzaleok eta foralistak, foruak erabaki ahalmena direlako. Baina UPN nazionalista espainiar hutsa baino ez da, eta Espainiara jotzen dute nafarrek ez erabaki ahal izateko. Baina UPNren estrategia da itxarotea ea ETAk mesede bat egiten dien. UPNko batek esan zidan: «Guri kanpaina ETAk egiten digu». Azkenean gure aberriaren tragedia da. Argi dago abertzaleen zati bat dela argudio hoberena espainolistentzat.

Beste aktore garrantzitsu bat PSN da. Alde batetik zein bestetik, anbiguotasunez jokatzea leporatzen zaio. UPNrekin bat egingo ote duen beldurrik?

PSNk badaki alternatiba politikoa nahitaez beraiengandik pasatzen dela. Badakite aldaketarako nahitaez abertzaleak behar dituela. Oro har, PSN oso irizpide ideologiko ahulak dituen alderdia da, baina Nafarroan ezinbestekoa da.

PSNk dio euren gutxienekoa dela Nafarroaren foru erregimena ez ukitzea.

Baina egun batean hainbat gauza esaten ditu, eta bestean kontrakoa. Gaitasun hori du: esaten duena aldatzea. Gu ohartu behar gara PSNk UPNrekin lehia politikoa duela, eta askotan haren mezuak nahasiak direla.

Amaitu berri den hau zure lehen legegintzaldia izan da. UPNk eta CDNk beren gehiengoa baliatu dute, baina oposizioak gehiago egin zezakeela uste duzu?

Gauzak hobeto egin ahal ditugu guztiok, bizitzako arlo guztietan. Baina legegintzaldi honetan ez dugu gauzak gaizki edo ondo egiteko ahalmenik ere izan. Gehiengoa etengabea izan da, eta legeak euren bozekin atera dituzte aurrera. Parlamentua egon beharreko kontua da beraientzat, baina ez diote garrantzi handia ematen.

Hurrengo legegintzaldian foru erregimena blindatzeko saiorik espero duzue?

Gehiengoa ateratzen badu UPNk, edo ez bada egituratzen alternatiba bat, ez dugu zalantzarik. Sanz jaunak argi eta garbi esan zuen Laugarren Xedapen Iragankorra kendu behar zela nafarrak etorkizunean erotuz gero.

Garai hartan, Purasek ere kentzeko imintzioa egin zuen…

Erdian dagoen panpina bat da PSN, eta gehiengoa non egon leku batera edo bestera doa. Gure lekura joan dadin emaitza onak behar ditugu,PSNrekin edo alderdi gehiagorekin UPN eta CDN gainditzeko. Baina beti argi izanda alternatiba politiko hori behin-behinekoa dela, benetako eztabaida euskal abertzaleen eta nazionalista espainiarren artekoa delako. Nahiz eta askotan une politikoak gauzak desitxuratu, azkenean eztabaida hori da. Elkarlanerako oztopoak gainditu behar ditugu etorkizunari begira. Horretan EAk argi du ahal duen guztia jarriko duela.

Jatorria: Maiorga Ramirez