Joseba Azkarraga. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburua Gogor kritikatu du Joseba Azkarragak Garzon epailearen autoa, baina Ertzaintzak aginduak bete behar zituela nabarmendu du. EAErako Alderdien Lege bat egitea aztertzen ari direla dio, eta EAJri hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela ohartarazi dio.

Joseba Azkarragak kezkaturik ikusten du gaur egungo egoera politikoa. Batasuna legez kanpo uztea demokraziaren eta erabakitzeko euskal esparruaren aurkako erasoa dela uste du Eusko Jaurlaritzako sailburuak.

Imazen arabera, euskal gizarte gehiena ez dator bat Batasuna legez kanpo uztearekin. Alta, Ertzaintza ari da ixten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzak. Zergatik betetzen da bidezkoa ez den erabaki hori?

Ez dira gauza kontrajarriak. Imazekin bat nator gizarte gehiena aurka dagoela esaten duenean. Baina legeak eta erabaki judizialak bete egin behar dira, gustuko izan ala ez. Ertzaintzak mandatu judiziala ez betetzea nahiko zuen Aznarrek, euskal autonomia bertan behera uzteko tramitea abiatzeko. Ertzaintzak egin behar zuena egin du.

Garzonek batzokiak eta alkartetxeak ixteko aginduko balu, berdin jokatuko luke Ertzaintzak?

Ez dugu agindu judizialak bete beste irtenbiderik. Gerta daiteke etorkizunean, Garzonen eta PPren jarerrak kontuan hartuta. Eta, gertatzen bada, EAEko agintariak agindua betetzera derrigorturik daude.

Zeintzuk izan daitezke Ertzaintzaren parte-hartzearen ondorioak?

Nafarroan izan dena beharko luke, non kaleratzean ez den inolako istilurik izan. EAEn, zoritxarrez, ez da hala izan, eta, modu bortitzago edo lasaiago batez, jendeak kaleratzeari aurre egin dio. Ez du irakurketa gehiagorik sumindura edo borroka areagotuko dituela uste izateko. Mundu horretako jendeak, asko edo gutxi, uler dezake Ertzaintzak bere eginkizuna bete duela.

Etsigarria da EAEko erakundeek egin dezaketen bakarra legez kanpokotzat jotzen diren erabakiak betetzea dela pentsatzea. Ez dago beste biderik?

Hori da ibili behar dugun bidea, ahal bada denok batera. Baina oso zaila da aurrera egitea Batasunaren jarrerarekin. Herri hau guztion artean egin behar dugu, batez ere abertzaleen artean; baina horretarako Batasunak beste jarrera bat behar du. Bitartean, gutxiengo garbi bat dago denok batera egin genezakeen planteamenduak bete ahal izateko. Gogoeta Batasunak egin behar du, eta batik bat, ETAk.

Jazotakoak frogatzen du Madrilek nahi duenean erabil ditzakeela EAEko erakundeak euskal gizartearen interesen aurka egiteko. Ez da paradoxikoa?

Abertzaleok adierazpen programatiko handietatik ekintzetara pasatzeko unea da. Abertzaleok, EAkook behintzat, ezin dugu konplexurik izan independentziaren aldeko usteak defenditzeko. Xede hori lortzeko pausoak eman behar ditugu, Madrilek abertzaletasun demokratikoaren arrasto oro ezabatu nahi duelako. Arazoa ez da ETA; Madrilentzat, arazoa bere burua abertzaletzat duten euskal herritar gehienen uste demokratikoak dira.

Garzonez gain, Espainiako Parlamentuak eta Fiskalak Batasuna legez kanpo uzteko prozesua abiatu dute. Baten batek, ETAz gain, erantzun behar duela esan duzu.

Egoeraren erantzuleak, ETAtik aparte, PP, PSOE, Gobernua eta Garzonen autoak dira. Eta erantzukizun historiko hori bortxakeria erabiltzen dutenena da, baina baita ekintza horiek egiten dituztenena ere, eta baten batek erantzun beharko du historiaren aurrean. Akatsa da gure ikuspuntutik, baina PPk ondo neurtu duen akatsa.

Zergatik ondo neurtutako akatsa?

Batasuna legez kanpo uztea oinarri juridiko seriorik gabe aurkeztu delako. Garzonek egin duen gauza bakarra Poliziaren txostenei itxura juridikoa ematea izan da. Akats horrek ez du alderdi bat desagertzea bilatzen; askatasun sistema osoaren aurkako erasoa da, demokraziaren aurkakoa eta erabakitzeko euskal esparruaren kontrakoa. Hiru kontzeptu horiek daude PP eta Aznarren ekintza horren atzetik.

Jaurlaritzatik diozue Europako auzitegiek bertan behera utziko dutela prozedura. Baina erabakia, agian, hamar urte barru iritsiko litzateke.

Hori da tragediarik handiena. Baina auto honek Europako auzitegien proba pasatzea ezinezkoa da. Autoa ez da oinarritzen Mahai Nazionaleko kideen aurkako prozesuetan edo zigorretan. Usteetan, susmoetan eta Batasuneko Mahai Nazionalekoak ez diren pertsonen zigorretan oinarritu da. Ospea eta Nobel saria bilatzen duen epailearen autoa da, eta Nobela ematen badiote, etorkizunerako izen on guztia galduko du sariak.

Espainiako Alderdien Legeari aurre egiteko EAEn beste lege bat sortzea proposatu du EAk. Nola dago proiektua?

EAErako lege bat sortu ahal izateko Estatutuak ematen dizkigun tresnak eta aukerak aztertzen ari gara. Horren barruan finantzaketari dagokion oro sartuko litzateke. Estatutuak lege bat garatzeko aukera ematen badigu, egingo dugu, dudarik ez.

Iñigo Urkulluk esan du ez dagokiola Gasteizko Legebiltzarrari halako lege bat egiteko ardura.

Uste dugu aukerak daudela, eta, egiazkoak badira, espero dugu EAJk, une jakin batzuetan adierazpen handinahitsuak egiteaz gain, gauzak praktikan jarriko dituela eta gure autogobernuaren alde jokatuko duela.

Zure sailak Alderdien Lege proiektuaren aurkako txostena prestatu zuen. Helegite bat aurkezteko erabiliko da?

Ez dugu erabiliko txostena Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegiterik jartzeko, ez baikara fidatzen epaitegi horrekin. Norbaitek txostena helegite bat egiteko erabili nahi badu, ez dugu arazorik.
Zure kabineteko kide Javier Madrazok helegitea Jaurlaritzak aurkezteko eskatu du.

Haren eskubidea da, eta errespetatu behar da. Dena den, EAJk Eusko Legebiltzarrean proposatu du. Legebiltzarrak aurkezten badu, ez du zentzurik gobernuak jartzea.

Maiatzean hauteskundeak daude. Zer egiteko prest zaudete ezker abertzaleari parte hartzea eragotziz gero?

Ez dakit zer egin daitekeen, zinez. Batasunak udaletxeetan izan duen ordezkaritza gero ere izan dezan ziurtatzeko lan egingo dugu. Horrek erakundeetan hautesle elkargoen bidez zerrendak osatu ahal izateko ekimenak aurkeztea badakar, EAkook egingo dugu. PPk eta PSOEk zerrendak aurkez ditzaten egin dugun defentsa alderdi guztien kasuan egin behar dugu, baita Batasunarentzat ere. Ez diogu indar politiko horri inolako trabarik jarriko.

Ezker abertzaleak parte hartzen ez badu, prest zaudete ez aurkezteko?

Horixe nahiko luke PPk! PSOErekin batera bakarrik geratu herri honetako erakundeetan. Akatsa litzateke.

´Gizarteko sektore gehiago ordezkatuko dituen egitura bat bilatzen ari gara´

Urte politikoko erreferentea Eusko Legebiltzarrean irailaren 12an egingo den bilkura dela dio Azkarragak.

Indar politiko abertzaleei gogoeta egiteko eskatu diezu.

Egibarrek esan du askapen nazionalerako bidean aurrera egiten ari garela, eta ados nago. Baina gogoeta aipatzean adierazpen sakon horietatik eguneroko praktikara pasatu behar dugula diot. Lehenbiziko erronka duela bi hilabete Legebiltzarrak onartutako txostena garatzea da. EAk ez du atzera egingo. Itunaren letra eta espiritua garbi dago; espero dut Egibarren adierazpenak irailetik aurrera izango duten jarreraren isla izatea.

Autogobernuari buruzko osoko bilkura dago irailaren 12an. Madrilek ez du prestatu zuek eskatutako egutegia. Zeintzuk dira egin beharreko urratsak?

Jaurlaritzan, gutxienez neure sailean, eskualdatu gabe dauden eskuduntzak zein diren aztertzen ari gara, eta zein den horiek garatzeko dugun ahalmena, eskualdatu gabe.

Espainiako Gobernuak dio txostena ez dela legezkoa…

Txostena ez dago legez kanpo, Autonomia Estatutua ez errespetatzeko Madrilen erabakia dago legez kanpo. Madrilek ezin digu legea errespetatzeko eskatu eurek Estatutua bezalako estatu legea hausten duten bitartean.

Baina Imazek dio behin eta berriro markoa errespetatuko duzuela. Txostenak dio beste marko baterako urratsak egin behar direla. Ez dira kontrako bi jarrera?

Gauza bat da egun indarrean dagoen egitura juridikoa errespetatzea. Beste gauza bat da lan egitea gizarteko sektore gehiago ordezkatuko dituen beste egitura bat bilatzeko. Bi planteamenduak bidezkoak dira, baina marko berri baten alde egin behar dugu, zeinak gizartearen babesa izan beharko duen, noski.

Horrek Madrilekin gatazka izatea dakar.

Urte asko daramatzagu Madrilekin gatazkan, eta, Aznarren jarerra ikusita, hala segituko dugu. Ezin dugu itsuarena egin Estatutua urratzen ari direnean. Estatutua, dagoen bezala, ez dut batere gustuko, baina euskal gizarteak onartu duen markoa da, eta nik egitura hori aldatu nahi dut, betiere gizartearen babesarekin. Babes hori badugu, Madrili gero eta zailagoa izango zaio euskal ordezkaritzarekin gatazka iraunkor eta zuzenari eustea.

Ivan Santamaria /Egunkaria.com

Jatorria: Joseba Azkarraga