Martin Aranburu Karrera Gainerako munduko zonetan ez bezala, ezinezkoa da Euskal Herriko giro politikoa errutinazkotzat jotzea, eta jakina da honezkero Euskal Herrian, edozein ikasturte politikotan, aldaketa politiko franko ikus dezakegula.

Datorren legegintzaldiaren garrantzia egunerokotasunak erabakiko duen arren, ukaezina da interesdun elementu asko izango ditugula datozen hilabeteetan; nagusia, gatazka politikoa gainditzearen inguruan hainbat euskal alderdik izango duten jokaera.

Ez dut uste igandeko hauteskundeetan aldaketa nabarmenik egongo denik gaur egun ezagutzen dugun legebiltzarreko konposaketari erreparatuz gero. Orain artean Jaurlaritzan izan diren alderdiek legebiltzarrean 36 boz zituztela kontuan hartuta, gehiengo absolututik gertu egongo dira ziurrenik; izan ere, lau urtean lortutakoaren emaitzarekin aurkeztuz hautesleriaren erantzun ona izango baitute. Hirukoak gorakadaren bat izango duela uste dut, eta, beraz, elkarrekin lortutako eserlekuen batura eginez gero, gehiengo absolutua lortzeko beharrezkoak diren hogeita hemezortzi eserlekuetatik gertu izango dira.

Ezker abertzalearen presentzia orain artekoaren antzekoa izango da ziurrenik. Pentsamendu hori ordezkatzen duten aukerek lor dezaketen eserlekuen batura ziurrenik zazpitik gertu izango da, orain arte legez, eta Aralar alderdiak presentzia lortuko ote duen argitu beharreko zalantza handiena izango da.

Konstituzionalismoaren esparruan gertatuko dira aldaketa handienak. Lehendabizi, Unidad Alavesak oso zaila du ordezkaria lortzea, ondorioz, Arabaren foraltasuna aldarrikatu eta defendatzen zuen sentsibilitate politikoa desagertu egingo da, eta PPren planteamenduetan disolbatu. Halere, PPren eta PSEren arteko lehia da argitu beharreko zalantzarik handienetakoa. Indartsuari boza emateak funtzionatzen du hautesleria konstituzionalean, eta, beraz, gaur egun indartsutzat jotzen den aukera konstituzionalista gainerako alderdi ez abertzaleen bizkarraren gaineko gorakada izatea da logikoena. Kasu honetan, PPren beherakadaren ondorioz PSE haztea. Hala gertatzen bada, Zapatero jaunak Euskal Herrirako duen planteamenduak baldintza garrantzitsu bat lortua izango du: bere bozgorailu politikoak, PSEk, presentzia politiko nabarmena izatea. Arestian esandakoa gertatu ezean, hots, PPk ordezkaritza mantentzen badu, euskal negoziazio maila bitxia onartu beharko du Zapaterok: bere ordezkariek presentzia minimoa dutenekoa. Inola ere ez, Zapaterok buruan darabilen planteamendua.

Igandeak argituko ditu zalantzak. Dena delakoa, egin dezagun denok gure hautua. Denek baitaukagu iritzia. Eman dezagun, bada.
Jatorria: Martin Aranburu