Jesus Mari Larrazabal Jesus Mari Larrazabal abstenitu da Ganbarak onartutako ebazpenak gatazkaren sustraietara jotzen ez duelako eta Trebiño Araban integratzeko neurri benetan eraginkorrak planteatzen ez dituelako.

Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak abstentziora jo du gaur Trebiño auziari buruzko bozketan, Legebiltzarrean adostu den “testuak ez dielako arazoaren sustraiei heltzen eta, ondorioz, ez duelako benetako konponbidea planteatzen; alegia, trebiñotarren borondatea errespetatu beharra”. Larrazabalen iritziz, “Eusko Legebiltzarrak gatazka konpontzen laguntzeko aukera on bat galdu du”.

EAko ordezkaria ez dago Legebiltzarrean Trebiñori buruzko lantalde bat sortzearen aurka, baina azkenean onartu den mozioan Trebiño Araban integratzeko neurri benetan eraginkorrak ez dira inondik inora agertzen, salatu du. Bere aburuz, “Senatuari eta Gaztela eta Leongo Gobernuari dei egitea denbora alferrik galtzea besterik ez da eta, beraz, ez du ezertarako balio. Ikuspegi demokratiko batetik konponbide bakarra dago: auzian inplikaturik dauden erakunde guztiek trebiñotarren borondatea eta erabakia errespetatzeko konpromisoa hartzea”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna