Munduaren ingurumen egoerari buruzko GEO txostena lantzeko Donostian diren Nazio Batuen Ingurumen Programako kideekin batzartu da gaur Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua gaur batzartu da Nazio Batuen Ingurumen Programako –NBIP– (jatorrian, United Nations Environment Programme, UNEP) kideekin. Kideok, aste honetan Donostian dira, ingelesezko GEO (Global Environment Outlook) siglen bitartez ezagutzen den Munduko Ingurumenaren Ikuspegien Txostena prestatzen. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren laguntzaz antolatu diren lan-saio hauek atzo hasi eta bihar amaituko dira.

Sailburuak Euskal Autonomi Erkidegoaren ingurumenaren egoeraren berri emateaz gain, berton abian diren politiken ardatz nagusiak azaldu dizkie. Biek ere azpimarratu zuten Donostiako jardunaldiok interes handikoak gertatzen ari direla, tokian tokiko jarduna, beti ere ikuspegi global batetik begiratuta, alde batetik; eta bestetik, ahalik eta informazio zehatzena izatea, ezinbesteko tresnak direlako uste sendoan.

Zentzu horretan, mundu-mailan ingurune-erreferentzia nagusia den GEO proiektuaren garrantziaz ohartarazi zuen Larrañagak. Donostiako bileran 2007ko irailean ezagutzera emango den hurrengo txostena –lau urtez behin argitaratzen dena- lantzen ari dira Nazio Batuen ingurumen adituok, hain zuzen ere. Sailburuaren esanetan, txosten hau mundu-mailan ingurumenaren egoeraren diagnostikoa ezezik, “oraintxe bertatik neurriak hartzen ez badira, datozen hamar eta hogei urte bitartean planetak jasan ditzakeen ingurumen-inpaktuei buruzko azterketa ere bada”.

Larrañaga bera eta NBIPeko kideak ere bat datoz Klima Aldaketaren aurkako borrokak gobernu guztien agendan lehentasun osoa behar duela esaterakoan. Urte h onen hasera eraturiko Klima Aldaketaren Euskal Bulegoaren bitartez, Jaurlaritzaren kasuan gertatzen ari den moduan.

Hain zuzen ere, Larrañagak aurreratu zuenez, azken hilabeteak EAEren egoeraren diagnostikoa lantzen eman ondoren, negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa murrizteko hartu beharreko neurrien definizioari azken ukituak ematen ari zaizkio, uneotan, Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa, aurrerago, Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana gorpuzteko asmotan.

Jatorria: Esther Larrañaga