Bi erakundeen arteko lankidetza etorkizunean areagotzeko nahia adierazi die Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak ASLEko arduradunei. Joseba Azkarragak, ASLEk gaur, Gasteizen, egin duen urteroko batzarrean adierazi duenez, “gogoeta estrategiko” bati ekin dio haren Sailak, Gizarte Ekonomiaren arloari buruz, eta gaineratu duenez, “lan-sozietateek gogoeta horretan parte hartzen badute, diagnostiko egokia egiten eta neurri onenak hartzen lagunduko digute”.

Haren hitzaldian lan-sozietateek “herria eraikitzeko” duten gaitasuna azpimarratu du Enpleguko arduradunak; izan ere, esan duenez, “Gizarte Ekonomiaren munduari sinesgarritasuna ematen laguntzen dute, neurri handi batean”. Horrez gain, azken 20 urteotan euskal lan-sozietateak garatu eta sendotzeko ASLEk jokatu duen paper garrantzitsua nabarmendu du: “ez da gehiegizkoa Estatu mailako erreferentea dela esatea; eta are gehiago esango nuke, Europa zein mundu mailako erreferentea ere bada”.

Sailburuaren iritziz, lan-sozietateetako langileek enpresen proiektuekin duten inplikazio-gradu handiari esker, “balio erantsi ikaragarria duten” sozietate-eredu bihurtzen dira. “Ekoizpen-prozesuan parte hartzen duten guztiek enpresa haiena dela guztiz sinetsita badaude, denak proiektuaren partaide sentitzen badira, eta hori hobetzeko —eraginkor eta errentagarriago egiteko— moduez egunero hitz egiten badute, emaitzak begien bistakoak dira”.

Azkarragaren ustez, emaitza horiek ikuspegi ekonomikotik ez ezik, “batez ere gizarte errentagarritasunaren” ikuspuntutik ere ulertu behar dira. “Zalantzarik gabe Euskadiko lan-sozietateek eta ASLEk bi helburuak bateratzeko gauza direla demostratzen dute eguneroko lanean. Lan-sozietateak oso formula egokia direla demostratu dute kalitatezko lanpostuak sortzeko, enplegurako orientazioa emateko, pertsona ekimentsuen egitasmoak garatzeko, aberastasuna banatzeko eta langileak ekoizpen bitartekoen jabetza partekatura iristea ahalbidetzeko.

Jatorria: Joseba Azkarraga