Lan ikuskaritzarako baliabideak indartzea eskatu dio gaurko Osoko Bilkuran Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari, Maider Otamendik aurkeztutako ekimenari esker. Horretarako, ikuskatzaileen kopurua areagotu behar dela adostu dute taldeek, transferituta dauden ikuskatzaile-postu guztiak betez eta behar direnak sortuz. Era berean, laneko segurtasun eta osasuneko ikuskari ordeen figura sortzea ere eskatu du Legebiltzarrak.

Maider Otamendi, EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAkideak azpimarratu duenez, prekarietatea da lan istripuen atzean dagoen faktorerik garrantzitsuena: “Eragile guztiak daude horretan ados eta lan prekarietatea ekiditeko neurri eraginkorrak hartu behar dira”.

EH Bilduk bi helburuekin planteatu zuen gaur aurkeztutako ekimena: Batetik, lan segurtasun ikuskaritza indartu eta arlo horretako eskumen osoa eskatu Estatuari, “arlo honetan ere politika propio integral eta koherenteak egin ahal izateko eskumenak izatea garrantzitsua delako”. Bi helburuak kontutan hartuta, “lortutako erdibidekoarekin, pozik” agertu da Otamendi, “lortu nahi zena, betetzen duelako”.