EAren iritziz, San Mames Barrian kirol instalazio publikoak sartzea ez da aski 8. Barrutiaren beharrak asetzeko eta estadio berriaren proiektuan haurreskola bat eta Barrutiko Zentro berria ere sartzeko proposamena egin du horregatik.

Bilboko Eusko Alkartasunak gaur egun La Casilla pabilioia dagoen lurzoruan igerilekua izan beharko lukeen kiroldegi berria eraikitzea proposatu du eta proiektu hori lehentasunezkotzat jo du Bilboko hirigunean kirol instalazioen aldetik dagoen defizitari eta, zehatzago, 8. Barrutiko auzokideen beharrei erantzun egokia emateko. Ildo horri jarraituz, EAren iritziz, Udalak San Mames Barrian kirol instalazio publikoak sartzeko egin duen proposamena osagarria baino ez da; horregatik, EAk estadio berrian haurreskola bat irekitzearen aldeko apustua egiten du eta Udalak Basurtuko Barruti Zentroa ere hortxe kokatzeko aukera dagoen ala ez azter dezan nahi du.

Bilboko EAko eledun Helena Gartziaren esanetan, “kontuan hartu behar da, batetik, zenbat jende joaten den La Casillako gimnasioetara Basurtutik, Amezolatik, Errekaldetik eta Abandotik eta, bestetik, Basurtuko Barrutian igerilekurik ez dagoela eta, beraz, auzokideak kirol instalazio egokiak eskaini beharra; argi dago arrazoiak eta argudioak daudela, soberan gainera, La Casillan kiroldegi berria eraikitzeko”.

Gainera, San Mames Barrian kiroldegi publiko bat eraikita ere, EAren proposamen horrek ez zuen zentzurik galduko, Gartziaren ustez, bi instalazioak osagarriak izango liratekeelako. Izan ere, San Mames Barriko instalazioak ezin izango zituen 8. Barrutiak dituen behar guztiak bete eta Olabeagako eta Deustuko zein Ingeniaritzako unibertsitate-campusetako erabiltzaileak jasoko zituen.

Jatorria: Eusko Alkartasuna