Esther Larrañaga Galdos Duela gutxi, goi-mailako buruzagi politiko batek honako hau galdetu zion Stephen Hawking zientzialari ospetsuari: «Zure ustez, zer kezkak izan behar du leku nagusia gobernuen agenda politikoetan?». Hawkingek hauxe erantzun zion zalantza izpirik gabe: «Klima-aldaketak». Arazo ugari du gizateriak eta zaila bezain arriskutsua da arazo horiek hierarkizatzea. Baina zinez uste dut klima-aldaketaren aurkako borroka gobernu guztien ekintzaren lehentasunen artean bildu behar dela beste hainbat gaitzen parean, hala nola gosetea, hiesa, giza eskubideen urraketa eta gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna, besteak beste.

Ildo horretako adierazpenak egin zituen AEBetako presidente ohi Bill Clintonek ere hil honetan Montrealen egin den Klima Aldaketaren aurkako Munduko Gailurrean. Sutsu aritu zen bertan bildu ginen ordezkari andanaren aurrean. Ni Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua naizenez, Eusko Jaurlaritzaren ordez bertaratu nintzen. Hain zuzen ere, hau izan da estatu azpiko erakundeetako gobernuek gailur horretara joateko eta bertan euren hitza hitza bai, baina botoa oraindik ez entzunarazteko izan duten lehenengo aukera, eta oso garrantzitsua iruditzen zait hori.

Nire ustez, gero eta garbiago dago, eta, beraz, ezin da ukatu, nazioartearen esparruan eskualde deritzana dagoeneko funtsezko eragilea dela ingurumenaren defentsan eta garapen iraunkorra lortzeko aurrerapausoetan. Izan ere, horri esker, aurrera egin daiteke eraginkor eta partaidetzat Kyotoko helburuak betetzea lortzeko prozesuan, eragile hori errealitatetik gertu dagoelako, horretarako eskumenak dituelako eta elkarrizketarako gaitasuna duelako.

Baina, operatibitateari eta, beraz, eraginkortasunari dagokienez, lehen postuetan egoteaz gain, garapen iraunkorraren aldeko mundu mailako sare bat osatzeak Red Nrg4SD sarea (Network of Regional Government for Sustainable Development), alegia: Euskadi eta Western Cape (Hegoafrika) ditu buru eta bost kontinenteetako estatu azpiko gobernuez osatuta dago Iparraren eta Hegoaren arteko lankidetzarako, trukerako eta elkartasunerako zubiak ezartzeko aukera ematen du. Eta hori, abantaila ez ezik, aukera ere bada. Izan ere, nazioarteko erakundeetan parte hartuz (aipaturiko sarearen eta beste batzuen bitartez, hala nola Encore, Impel, Eionet eta Pirinioetako Lan Elkartea erakundeen bitartez) Euskadik garapen iraunkorraren alde egiten du eta honako filosofia honi heltzen dio argi eta garbi: «Maila globalean pentsatu, toki mailan jardun».

Montrealeko Gailurra egin den hamaikagarrena da eta jokaleku egokia izan da truke horretarako. Azkenean, akordio bat lortu da ozta-ozta; akordio horretatik kanpo geratu nahi izan du berriz ere George Bushen gobernuak. Hura izan ezik, munduko gainerako leku guztietakook biltzen gaitu akordioak; itxuraz behintzat, akordioa izenpetu duen inork ez du onartuko Ipar Amerikako administrazioaren betoak oztoporik jartzea Kiotorantz eta haratagorantz aurrera egiteko.

Esperientziak trukatzeko aukera izan du gure ordezkaritzak, baita Euskadin dugun esperientziaren berri ematekoa ere; baina batik bat gure sailak eta, oro har, Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren aurkako borrokarekiko hartu duten konpromisoa erakusteko aukera izan dugu. Ekintzara pasatu behar da, ekiteko ordua da, aurrean dugun arazoari behar bezala aurre egitearren.

Gure kokapen geografikoa eta gure herriaren iragan industriala direla-eta, garbi dugu posizio zail batetik heldu behar diogula klima-aldaketa saihesteko erronkari. Baina, era berean, badakigu garapen iraunkorraren arloan EAEk duen politika sorta zabalari esker, aitzindariak garela klima-aldaketari buruzko politika espezifikoak abian jartzeari dagokionez.

Politika horiek datozen hilabeteetan gauzatuko dira; izan ere, Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa abiaraziko da eta Klima Aldaketaren Aurka egiteko Euskal Plana garatuko du. Hasi berri dugun legegintzaldi honetako ekintzarik garrantzitsuena izan daiteke plan hori gauzatzea. Emisio-eskubideen Europako merkatuan sartzeko prozesuan energiaren eta industriaren euskal sektoreari laguntza ematea ez ezik, honako helburu hau ere badute politika horiek: garraioaren eta egoitza-sektorearen barreiatutako emisioak etetea. Puntu horretan, eskualdeen eskumen-esparruak errespetatzeko aldarrikapena eman behar dut aditzera, errespetu hori beharrezkoa baita emisio-eskubideen Europako merkatuan distortsiorik sor ez dadin; kontuan izan behar da, gainera, merkatu horrek esleipen historikoen printzipio (grandfathering) bidegabean oinarrituta diharduela, ekitatearen printzipioan (benchmarking) oinarrituta jardun beharrean, eta horrek disfuntzioak sortzen dituela. Finean, gure politikek gizarte gisa aurrera egitea eskatzen dute betiere aurrerapena hiru alderditan gauzatu beharreko garapentzat hartuta: alderdi sozialean, ekonomikoan, eta, nola ez, ingurumenaren alderdian. Egun dugun ongizatea areagotu behar dugu, baina hurrengo belaunaldiena arriskuan jarri gabe
Jatorria: Esther Larrañaga