Datorren urriaren 19an, larunbata, “Erreferenduma ez da delitua” leloarekin Gure Eskuk manifestazioa deitu du Donostian, eta Eusko Alkartasunak manifestazioan parte hartzeko deia egiten dio gizarteari.

“Espainiar estatuak ez du eztabaida politikoa onartzen eta demokrazia kriminalizatu egiten du”, hau salatzeko manifestazioan parte hartzera animatzen du Eusko Alkartasunak euskal gizartea. “Epaia ez da bakarrik pertsona batzuen kontra, baizik eta demokraziaren kontra, herri baten borondatearen kontra. Hau ez da independentistok batzeko manifestazio hutsa. Hau, beraien burua demokratatzat duten guztiei dei zuzena da”. Injustiziari mobilizazioarekin erantzungo diogu larunbatean; zuzenbideari eskubidez, beldurrari ilusioz eta autoritarismoari determinazioz”.

“Larunbatean Donostian egongo gara bidegabekeria hau salatzeko, eta zigortuak izan diren pertsonei eta herri katalanari gure elkartasuna adieraziko diegu. Bakarrik ez daudela esango diegu, eta erabakitzeko eskubidea irmotasunez defendatuko dugu, bai Katalunian, bai Euskal Herrian, eta baita Europa guztian ere”, adierazi du Eusko Alkartasunak.
GED manifa 2019-10-19