“Zerbitzu publikorik onenak, guztiok nahi dugun osasungintza, izateko behar diren baliabide ekonomikoak izatea Gobernuaren betebeharra da. Eta hori, zerga sistemaren bidez lortzen da”, aldarrikatu du gaur Leire Pinedok Eusko Legebiltzarrean. Amancio Ortega, Inditexeko jabe dirudunak Osakidetzari egindako dohaintza eskertzea proposatzen zuen PPren proposamena eztabaidatu da gaur. Azkenean popularrek, EAJk eta PSEk “minbiziaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitzeko helburua laguntzea erabakitzen duten” pertsonei eskerron generikoa onartu dute.

Osasun sistema publikoari egin ahal zaion dohaintza guztiekin ados agertu da Pinedo, baina eztabaida “ereduen artekoa da, zerbitzu publikoak eta horien finantziazioari buruzkoa”. EH Bilduren ustez, esan du legebiltzarkideak, “kalitatezko zerbitzuak eta gizarte justizian oinarritutako sistema publikoa finantzatzeko zerga sistema egokia, justua, progresiboa eta birbanatzailea behar da”.

Pinedok azaldu duenez, iaz 1.400 milioi euro lortu zituen Inditex-ek dibidenduetan bakarrik, eta ez du Ondare Zergarik ordaindu. Zerga sistemaren garrantzia argi geratzen da: “Nafarroan 46,8 milioi euro ordainduko lituzke eta, EAEn, Gipuzkoan adibidez, Fortuna Handien Zerga mantendu balitz, ia 94. Egin duen dohaintza ez da 20 milioietara iristen”.

Bestetik, Urkullu lehendakaria Ortega Fundazioaren ordezkariekin argazkia egitea beharrezkoa zen galdetu du Pinedok, “fundazioaren atzean dagoen marka komertzialari publizitate kanpaina itzela eginez”.