Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua agertu da, gaur, Legebiltzarreko Emakume eta Gazteen Batzordearen aurrean, epaitegietan genero-biolentziari aurre egiteko hartutako erabakien berri emateko.

Joseba Azkarragak zuzentzen duen sailak kudeatutako arloak baino ez ditu aipatu; izan ere, zehaztu duenez, genero-biolentziaren aurkako neurri judizialak, berez, neurri jurisdikzionalak dira eta horren ondorioz neurri-motei buruzko informazio zehatza epaileek edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eman dezakete bakarrik.

Azkarragak nabarmendu duenez, emakumeen kontrako tratu txarren aurkako programak eta erabakiak zein tratu horiek nozitzen dituzten pertsonei laguntzeko politikak garatzera konprometitu dago Justizia Saila.

Era berean, aipatu duenez, genero-biolentziaren kontrako erabakien Lege integrala indarrean hasi denetik, lege-eremuan babes-neurrietan aurrera egin da, kontua hau da: “zigor arloko erabakiak saiatzen dira gertatutako kasu zehatzei erantzuten, eta, berez ez dira nahikoak ematen, genero-biolentziari osotasunean aurre egiteko”· Zoritxarrez, aurten Euskadin erail diren 4 emakumeen errealitateak ez du zalantza izpirik uzten gai horri buruz.

Azkarragak azaldu duenez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak etxeko biolentziari buruz emandako datuak emakumeen kontrako biolentzian espezializatuta ez dauden epaitegiek emanak dira, eta emakumeen kontrako tratu txarrez gain, aurrekoen eta ondorengoen kontrakoak ere sartzen dira, eta, horrenbestez, epaitegi espezializatuetan tramitatzen direnak baino gehiago dira.

Horrela, 2005eko lehenengo sei hilabetetan Euskadin 1.959 salaketa aurkeztu dira, hau da, egunez batez beste 11 salaketa (2004an, berriz batez bestekoa 9 izan zen). Era berean, aurtengo lehengo sei hilekoan 919 babeste-agindu eskatu dira; hots, egunean 5,1 agindu, 2004an (5) baino apurtxo bat gehiago. “Gehienetan, emakumeek eskatzen dituzte (% 85); orobat, biktimen nazionalitatea esanguratsua da: izatez, salaketa-egileen ehuneko 23,5 atzerritarrak dira.

“Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegiek hartzen ohi dituzten kautelazko erabakiei dagokienez, lehenengo eta behin urruntzea aipatu behar da (%41,9), eta ondoren biktimarekin komunikatzeko debekua (% 39,5). Bueltatzeko debekua kasuen ehuneko 13,9tan erabakitzen da, eta askatasuna gabetzeak ehuneko 0,8tan”.

EPAITEGI BERRIAK

Estatu osoan joan den ekainaren 29an emakumearen aurkako biolentziaren kontrako 16 epaitegi ireki ziren; horietatik hiru Euskadin. “Azpimarratu nahi dut sailburuordetzak hiru epaitegi horiek, EAEko hiriburuetan, sortzeko egin zuen apustu sendoa, beste jurisdikzio-organo batzuen aldean lehentasuna emanez”, nabarmendu du Azkarragak eta segituan hiru epaitegi espezializatu horiek zabaltzeak aurrekontuetan ekarri duen ahalegina:

“Epaitegi berri horien funtzionamenduaren urteko kostua 200.000 euro baino handiagokoa da; eta horietan lan egiteko langileak jartzea eta ez espezializatuetan eta fiskaltzetan langile gehiago jartzeak (32 funtzionario) 600.000 euroko aurreikuspena dakar berarekin batera; behar berriei egokitzen den informatika-aplikazio taxutzeari eta ezartzeari ekin zaio; autonomia erkidegoko organo judizialek erregistro zentralari datu guztiak helarazteko eta gaurkotzeko informatika programa espezifikoa ezarri da; gaian zerikusia duten kolektibo guztientzako prestakuntzako ikastarok espezifikoak antolatu dira: abokatak, funtzionarioak, epaileak, idazkariak eta fiskalak”

“Epaitegi berriek daukate, era berean,bai talde psikologiko eta gizarteko ekipoen (psikologoak, hezitzaileak eta gizarte-laguntzaileak), bai auzitegiko medikuen eta Auzitegiko Medikuntza Erakundeko –Justizia, Lan ea Gizarte Segurantza Sailaren baitakoa dena– adituen laguntza espezializatua dute. Arlo horretan, mediku eta psikologo-arloen arteko jarduera koordinaturako jarraibideak egin dira, eraginkorragoak eta zerbitzu hobea emate aldera, bai biktimei, baita egotzitakoen gaineko ebaluazio teknikoa egiteko ere”, adierazi du Azkarragak.

Egunero Euskadin 10,10 salaketa aurkeztu dira emakumeen kontrako biolentziarengatik. Sailburuak zehaztu duenez, 2005eko urriaren 30ean, 14 epaitegietan (hiru espezializatu eta hamaika bateragarrietan) 1.211 auzi sartu ziren. “Zehazkiago, 357 Bilbokoan, 207 Gasteizkoan, 187 Donostiakoan, 160 Barakaldokoan eta beste 300 gainerako barruti judizialetan”.

“Datu horiek ikusita, Justizia Sailak Justizia Ministeriora jo zuen, abuztuan eta urrian, legea indarrean hasi aurretik egin genuen eskaera bera egiteko. Hau da, Barakaldon epaitegi espezializatu bat, eta Bilbon bigarrena, sortzeko premia handia. Gaur egun arte ez dugu baiezkorik jaso”, adierazi du.

ADMINISTRAZIO KOORDINAZIOKO GUNEAK

Koordinazio guneak gizarte-erakunde edo zerbitzuei ebazpen judizialak jakinarazteko bide bakarra dira. Era berean, biktimari informazioa ematen diote egotzitakoaren prozesu-egoerari buruz, bereziki erasotzailearen espetxe-egoerari buruz.

Baina, Koordinazio Gunearen funtzioez gain, Biktimari Laguntzeko Zerbitzuek beste zeregin batzuk betetzen dituzte delitu horien biktimei dagokienez. Biktimari laguntzeko zerbitzuak EAEko hiriburuetako justizia-jauregietan daude (bana).
Biktimari Laguntzeko Zerbitzuek edozein motatako delituko biktimei informazioa ematen zaie, dauzkaten eskubideei buruz eta erakunde publiko zein pribatuek euren esanetara jarritako baliabide eta laguntzei buruz; horretaz gain, laguntza juridikoa eta psikologikoa ematen diete.

Hona, Biktimei Laguntzeko Zerbitzuetan hartutako kasuen argazkiaren ezaugarriak, gutxi gorabehera:

· 1.483 pertsona artatu zituzten, horietatik ehuneko 90, 56 emakume; horietatik 1.302 emakumek zuzenean nozitu zuten etxeko biolentzia.
· Biktima gehienak 36 eta 45 urte bitartekoak ziren.
· Gehienek lehen mailako ikasketak dituzte: % 52,5.
· Gehienak etxeko andreak dira edo kontratu finkoa duten beste baten konturako langileak.
· Gehienetan delituak tratu txarrak (931), derrigortzeak eta mehatxuak dira.
· Biktimei Laguntzeko Zerbitzuetara jotzen duten emakumeen ehuneko 88 biktima izan dira lehenago, eta kasuen ehuneko 82tan delitua eta delitu-egilea berberak izan dira (kezkagarria da, baliteke ogibide falta edo mendekotasun emozionalarengatik erasotzailearekin bizitzen jarraitzea).
· Kasuen ehuneko 98,8 erasotzailea emakumearen ingurukoa da.
· Lagundutako ehuneko 88,4 emakumek bizitokian nozitu dute erasoa. Hau da, etxean.
· Salatzeko motiborik ohikoena da babesa bilatzea (% 65,9), eta, ondoren, Justizia Administrazioak esku har dezala bilatzea (%22,6).

LEGE-LAGUNTZA OSOKO TXANDAK

Abokatuen elkargoek kudeatzen dute zerbitzua. Etxeko biolentzia edo sexu-erasoetarako propio ezarritako Doako Laguntza Juridikoko Txandak lurralde historiko bakoitzeko zona bakoitzeko guarda-letratuak egotea esan nahi du (2 titular eta 1 zerbitzua sendotzeko Gipuzkoan; 3 eta 3 Bizkaian eta 1 eta 1 Araban) eguneko 24 orduz eta asteko 7 egunez.

2004ko ekitaldiari buruz darabiltzagun datuen arabera, lehengo doako laguntzako txanda espezifiko horrek EAEko 2.024 emakumeri eman die laguntza. Bizkaian 1.227 esku-hartze egin dira (2003an baino ehuneko 234 gehiago), Araban 377 (ehuneko 74 gehiago), eta Gipuzkoan 577 (ehuneko 243 gehiago). Tratu txarrak direla-eta egin behar izan diren esku-hartzeak (%98) nagusitzen dira, sexu arazoengatiko egindakoen aldean (%2).
KOORDINATZEKO PROTOKOLOAK

Parte hartzen duten instantzia desberdinek jarraibide argiekin egin ditzaten, koordinatzeko lanabesak izatea komenigarria zela ulertu zen. “Babesteko agindua eraginkorra izan dadin eta emakumearen kontrako biolentziaren epaitegiak ezartzeko protokoloak” izenekoak dira; horiek, alde txiki batzuekin, lurralde bakoitzean, epaileen, fiskalen, auzitegietako idazkarien, Ertzaintzaren eta tokiko polizien, abokatu eta prokuradoreen, elkargo profesionalen, Emakunderen eta foru aldundietako zein hiru hiriburuetako udalen ordezkariek sinatu dituzte.

EAEko lanabes berezia da, Justizia, lan eta Gizarte Segurantza Sailak sortua. “Protokolo horiek lanabes benetan eraginkorrak izan dira, bai jarduerak koordinatzeko eta adosteko, baita beste edozein lege berri bat abian jartzeak berarekin batera dakartzan disfuntzioak konpontzeko. Haren birtualitatearen oinarri dira, alde batetik, sinatzaile bakoitzak bere organizazioko kideen artean protokoloei emandako zabalkundea, eta, beste alde batetik, euren edukien etengabeko jarraipena, errealitateari egokitzeko gaurkotzen direnak.

Jatorria: Joseba Azkarraga