Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak kezka agertu du politikaren eta justiziaren egungo egoera dela eta, Radio Vitoriako “Araba Bizirik” saioan egindako elkarrizketan.

Ezker abertzaleko buruek Audientzia Nazionalean egin behar izandako agerpenen harira, “motibazio politikoak” daudela adierazi du Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak. “Okerrena bizitza politikoa judizializatzea da, bata edo bestea epaitzeko Legea ezberdin aplikatzen denean, gehienbat” esan du sailburuak. Azkarragaren ustez, “PPk egin zuen gauza bera egingo dute sozialistek baina irribarre batekin”.

EAko sailburuak Langraitzeko kartzelan bizi den egoera “larria” azpimarratu nahi izan du. Horren ildoan, honakoa agertu du: “Espetxeen inguruko eskuduntzak edukitzeko prest gaude eta ez dugu laguntzarik emango EAEn espetxe berri bat eraikitzeko, transferentzia nahi dugu”. Dagoeneko sei preso hil dira kartzela arabar horretan.

Gasteizko Caballito enpresan bizi den egoera eta PPk lurralde horretan egindako zentsura-mozioen inguruan ere bere iritzia agertu du Azkarragak. Auzietako lehenengoan, alde biek onartuko duten arbitratzea ezartzearen beharra berretsi du. Bigarrenean, berriz, kritiko azaldu da Azkarraga: “Logikoa ez dena EAJk, gure kideak, Araban egiten dituen zentsura-mozioen berri hedabideei esker edukitzea”.
Jatorria: Joseba Azkarraga