Eusko Alkartasunaren Idazkari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak hitzaldi bat eman du gaur Argentinako La Platako Unibertsitateko Zientzia Juridiko eta Sozialetako Fakultatean, Euskal Autonomia Erkidegoaren egungo egoera soziopolitikoari eta Espainiako Estatuarekiko harremanei buruz.

Hitzaldiaren hasieran, Azkarragak honela definitu du euskal gizartea: “irekia eta solidarioa, indartsua eta bizia, garai berrietara egokitzeko ahalmen handia duena”; bere hitzetan, egitura sendoa du, gehiengo nazionalista duten Jaurlaritza eta Legebiltzar autonomoei esker.

Euskadi herrialde txiki bat dela gogorarazi du, 7.234 kilometro koadro eta 2.140.000 biztanle dituen herrialdea, eta Barne Produktu Gordina 57.289 milioi eurokoa du (Europar Batasunaren batez bestekoa gaindituz), per capita errentak Europako batez bestekoa gainditzen du % 36an, eta % 3 inguruko langabezia-tasa du. Biztanleen bizi-itxaropena % 80,9ra iristen da (mundu osoko hirugarren postua), gazteen % 80k goi-mailako edo unibertsitateko ikasketak ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren urteko aurrekontuaren % 72,5 gastu sozialera eta sektore behartsuenei laguntzera bideratzen da. Datu horiei erreparatuta, Giza Garapenaren Indizearen lehenengo postuetan dago Euskadi (Islandia eta Norvegia soilik ditu aurretik).

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak herrialde “lehiakor, orekatu eta solidariotzat” jo du Euskadi, baina “orain dela bi mendetik konponbidearen zain dagoen arazo politiko bat du eta jasanezina eta onartezina den indarkeria pairatzen ari da”; indarkeria horren amaiera exijitu du.

Azkarragak ETAren azken atentatua ekarri du gogora; pasa den martxoan Arrasateko zinegotzi sozialista izandako Isaias Carrasco hil zuen atentatua, alegia: “Bidegabekeria horren bidez familia baten bizitza betiko zapuzteaz gain, prozesu demokratikoa odolez zipriztindu eta eragotzi nahi izan zuen”.

Ildo berari jarraiki, sailburuak nabarmendu duenez, indarkeria terrorista “gaitz kaltegarria da gure herriarentzat, bai eta oztopo bat ere, ikuspegi moraletik nahiz politikotik begiratuta, gure nazioaren aurrerabidean. ETAk inposatu nahi digun sufrimendua ezer esan gabe onartzeko prest ez gaudenak gehiengoa gara, gehiengo handia gainera. Halaber, ez gaude prest koldarkeria onartzeko; hain zuzen ere, indarkeriaren bidetik ezein proiektu politikok aurrera egitea ezinezkoa dela publikoki onartzeko gai ez direnen koldarkeria nabarmena” azpimarratu du.

“Bakea eta adiskidetzea –ziurtatu du Azkarragak- da euskal herritarren lehentasunezko helburua. Ez diogu inori utziko gure herritarrei bizia kentzen, gatazka politikoaren aitzakiaz baliatuz”.

Berriki izan diren hauteskunde orokorretako emaitzak ez dira oso positiboak izan alderdi nazionalistentzat, Estatuko bi alderdi nagusietan polarizazio handia gertatu baita, baina hala ere, emaitza horiek aztertu ostean, Azkarragak autogobernuaren erabilgarritasuna eta indarra defendatu du, azken urteotako lorpenak sendotu eta herritarren ongizatean eta garapenean sakontze aldera: “Horregatik, erabakitzeko eskubidea hartu dugu gure politikaren ardatz; etorkizunerako apustu demokratikoa izan da eta herritarrek beren harreman politiko, ekonomiko eta sozialak antolatzeko moduari buruzko iritziak merezi duen errespetuan dugun sinismena erakusten du”.

Sailburuak autodeterminazio-eskubidearen baliagarritasunaren hainbat adibide jarri ditu: Alemania, Eslovenia, Txekiar Errepublika, Eskozia, Irlanda, Montenegro, Estonia eta Kosovo. “Herrialde horietan, elkarrizketa, akordioak eta gehiengoekiko errespetua gailendu dira gatazka nazionalak konpontzeko garaian” esan du.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak egin duen proposamena lehen urrastzat hartu behar da; herritarrei kontsulta egiteko proposamen hori “neurri guztiz demokratikotzat hartu behar da, eta horren bidez, Euskadi pairatzen ari den blokeoa apur daiteke”. “Euskal herritarrek eta haien erakundeek ezarriko dute gure bide-orria, eta ez beste inork —jakinarazi du—. Guk eskua luzatu dugu, eta horrela jarraituko dugu”.

Azken 30 urteotan Euskal Estatutua “modu autoritarioan” interpretatu dutenen jarrera kritikatu du Azkarragak, baita Euskadin berriki aurkeztu den itun berriaren proposamena eztabaidarik izan gabe gaitzetsi dutenena ere, Eusko Legebiltzarraren gehiengo absolutuaren babesa izan arren.

Era berean, Madrileko gobernuaren estrategia “akats politiko larritzat” jo du; hain zuzen ere, euskal gizartearen zati adierazgarri bat ordezkatzen duten alderdi politikoak legez kanpo uzteko estrategiaz ari zen. Baina horrekin batera, “ezker abertzalearen ausardia eza ere kritikatu du; izan ere, ETAren estrategiatik askatzeko erakutsi duen ausardia falta hori “bere ekintza politikoa sinesgarritasunez garatzeko oztopo handia da. Ez baita nahikoa adierazteko, manifestatzeko eta elkartzeko askatasuna defendatzea aldi berean gizakion eskubide nagusia urratzen denean, hau da, bizitzeko eskubidea, isilik geratzen bada”.

Hitzaldian, Azkarragak behin eta berriz defendatu du guztion arteko elkarrizketa, inolako salbuespenik gabe, gatazkak konpontzeko gakoa delakoan. Gai horri dagokionez, bere ustez, euskal alderdi politiko guztiekin hitz egiteagatik lehendakariaren aurka irekitako auzi penala eskandalua da, eta eskuinak epaileen gain duen kontrolaren adierazgarri. Dena dela, bere hitzen arabera, prozesu bidegabe horrek “ez du inola ere aldatuko Eusko Jaurlaritzaren irmotasuna guztien arteko elkarrizketa bultzatzeko eta euskal gizarteari hitza emateko”.

Mintzaldiaren amaieran, justizia-sailburuak Espainako Alderdi Sozialistari hausnarketarako deia egin dio, boterean dagoenez, euskal gizarteari bere etorkizunaren gaineko iritzia modu baketsuan emateko aukera eskain diezaion: “Esperientziak erakusten digunez —aipatu du—, babes zabaleko akordio irmoak biribiltzeko gai izan garen uneetan egin dira urratsak aurrera”.
Aurreko legegintzaldian hasitako bake-prozesuari dagokionez, Azkarragaren ustez, PSOEk ez zuen behar besteko kemena izan hartutako erabakiak gauzatzeko, baina su-etena haustearen eta horrek herritarrengan eragin zuen frustrazioaren erantzukizuna ETArena da, ez beste inorena.

Ondorio gisa, Azkarragaren iritziz konponbidea hauxe da: oraindik ere zentralista den Estatu bat eraldatzeko baliabideak jartzea: “PSOEk beldur dio Estatuaren errealitate plurinazionalari eta ez dago fitxa mugitzeko”. Egoera horren aurrean, nazionalismo demokratiko instituzionalak, euskal herritarren egiazko eragile den aldetik, etorkizunean garatu beharreko funtsezko eginkizuna betetzen du. Azkarragaren ustez, “orain dugu politika handia egiteko unea, ez politika judizializatzekoa edo epe laburrerako politika egitekoa. Akordioen unea dugu orain, baino betorik eta azpikeriarik gabe”.

Amaitzeko, Joseba Azkarragak esan zuen Eusko Alkartasunak leialtasunez beteko dituztela herriarekin hartutako konpromisoak, “historian garrantzi handiko une bat bizitzen ari garelako eta gure eginbeharra delako Euskadik etorkizuna irabaztearen alde lan egitea”.
Jatorria: Joseba Azkarraga