Guillermo Canut Garramiola. Rosarioko ´Zazpirak Bat´ euskal etxeko lehendakaria
Argentinan egon berriak dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Anjeles Iztueta eta haren taldekoak: Jorge Arevalo eta Abel Ariznabarreta sailburuordeak, Iñaki Mujika Lanbide Heziketako zuzendaria eta Amaia Goikoetxea Prentsa aholkularia. Haien bisitak poza eman digu Rosarioko euskaldunoi, ondo eginiko lanaren poza, eta, gainera, ilusioa ere eman digu, lorturiko hitzarmenak are sakonago lantzearren lanean segitzeko. Bidaiaren helburua, funtsean, hauxe izan zen: Buenos Airesko, Rosarioko, Paranako eta Rio Cuartoko teknologia heziketako eskolei makineria (tornurik modernoenak) ematea. Halaxe egitea erabaki zuten iaz lanbide heziketaren arloan Argentinak eta Euskadik eginiko hitzarmenetan.

Nire hiri Rosarioko sei teknologia eskolak 25 tornu hartu zituzten. Oso lagungarria da Eusko Jaurlaritzak Anjeles Iztueta buru duen sailaren bitartez eskaintzen duen elkarlana, eta eskola horietako zuzendariekin hitz egin duenak bakarrik daki hori zein garrantzitsua den gure gazteak trebatzeko.

Gainera, nabarmentzekoa da tornuak hartu zituzten eskoletako zortzi irakaslek bost aste egingo dituztela Euskadin, makina horiek ezin hobeto ezagutzeko eta gero ikasleei jakinarazteko.

Gure hiriko alkateak, Hermes Binnerrek, honela esan zuen Udal Jauregian hilaren 10ean arratsaldean izaniko ekitaldi ofizialean: «Emaniko hori ez da platerkada bat janari, janaria sortzeko bidea baizik». Hitz soil horiek ederdi laburbiltzen dute elkarlan hitzarmenaren helburua: gazteak trebatzea, gizaki osoak sortzea.

Eta horri erreparatu nahi diot, hori baita aurrera ateratzeko gakoa: heziketak, balio unibertsalek biziaren errespetua, elkartasuna, lanerako grina, adiskidetasunak eta iraganaren oroitzapenak bakarrik segurtatuko diote etorkizuna gizarteari.

Gauza materialak eman dizkigute, baina garrantzitsuena, dudarik gabe,egiten duten guztian ilusioa jartzen duen pertsona talde batekin harremanetan egotea da.

Arrunt garrantzitsua izan zen gizarte osoak eta hiriko hezitzaileek harremanetan egotea sailburuarekin eta haren taldearekin, zuzenean jakiteko nolakoa den euskal irakaskuntza sistema, Europako aurreratuenetako bat baita.

Irakaskuntzako arlo guztietako jendeak oso inpresio ona hartu du. Jendez bete dira Hezkuntza Ministerioa, Rosarioko Zazpirak Bat eta beste 9 euskal etxe, non sailburuaren mezua satelite bidez eman zuten.

Horrela ehuntzen dira sareak, horrela komunikatu pertsonak, irakatsiz baina baita ikasiz ere. Beti ikasten da, hil arte. Ikasi egiten da emakume bai entzunez, ama bati, bere jendearen hezkuntzarekin ez ezik bere aberri Euskal Herriarekin eta gure aberria ere bada konpromisoa duen funtzionario bati, etorkizuna era librean erabakitzeko Euskal Herriak duen eskubidearen aldeko borrokalari bati.

Jendea konturatu zen horretaz, eta ez bakarrik euskaldunok eta euskaldunon ondorengoak, baita gizarte osoa ere: politika eta herriaren hezkuntza ezin dira bereizi. Argi baino argiagoa da Anjeles Iztueta sailburuaren eta haren taldearen mezua.

Hau oraintxe hasi berria da. Behar den guztia egingo dugu harremana sendotzeko, gure ikasle gazteek makina hobeak izan ditzaten, baita laguntza hori herri txiki batek emana dela eta herri txiki hori Euskal Herria dela eta bere eskubideen alde borrokan ari dela.

Hitzaldietan, bileretan eta mota guztietako komunikabideetan, sailburuak garbi utzi zuen gaitzesten dituela indarkeria mota guztiak eta euskari, euskal kulturari, nazionalismo demokratikoari eta Oro har askatasun guztiei Euskal Herrian egiten zaizkion eraso guztiak.

Era berean, behin baino gehiagotan adierazi zuen Euskal Herriak gure laguntza behar duela, atzerriko euskaldunon laguntza. Alde horretatik, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak berriki Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko Bizikidetzarako Itun Politiko Berriaren ardatz nagusien berri eman zuen iztuetak, eta komunikabideei jakinarazteko eskatu zigun, gure iritzia adierazteko, ideiak emateko eta batez ere betiko konpromisoarekin lanean segitzeko.

Argentinan, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan laguntzeko konpromisoarekin segitzen dugu; Argentinan, esaten dugu atzerriko euskaldunok eta tartean Rosariakook beti lagunduko dugula bide horretan, Frantziako eta Espainiako estatuen artean herri bat dagoela jakin dezaten, eskubide osoak izateko borrokan nazio bat dela, zazpi lurralde historikok osatua: Nafarroak, Lapurdik, Zuberoak, Nafarroa Behereak, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Denek batera Zazpirak Bat osatzen dute, Rosarioko euskaldunon azken 91 urtean bihotzean daramagun izen hori.

Jatorria: Guillermo Canut