Lehengo eta bigarren mende artean bizi izan zen Juvenal poeta erromatarrari egotzi zaio hurrengo aipua: “Jakinduriak ez du sekulan gauza bat esan, eta Izadiak beste bat”. Egungo garai eta esamoldetara ekarrita, artikuluaren izenburuaren lehen zatia laburbiltzen du. Eta argi dago zein azkarra den natura, radiata pinuaren monolaborantzari eman dion erantzunarekin. Zaila zait hain lerro gutxitan Herri batek ganorazko baso-politika garatu dezan elkartu behar diren elementu guztiak aipatzea, baina argi izan beharko luke dagokion administrazioak, ezin diola herritarrari ukatu basogintzaren inguruko eztabaida politikoa. Azken finean, milaka hektometro dira gure lurraldean baso ustiaketa bortitz batek erasanda, eta ondorioak zeintzuk izango ziren aspalditik aurreikusten ziren; Fusarium.
Baso politikaren inguruko eztabaida ezin da Baskegurren bulego-hormen artean geratu, edo administrazio ezberdinen arteko bidean, izan ere politika hauek indarrean jarri behar dituzten arduradun askok interes pertsonalak dituzte. Baina mesedez, ez ezazue “baserritar gizajoen” aitzakia erabili jada justifikaezina dena zuritzeko; lurzail handien jabeak dira dirulaguntza gehien jasotzen dutenak, eta noski, baso elkarteetan erabakimena dutenak. Hauen baserriekiko lotura anekdotikotik folklorikorako pistan aurki daiteke soilik.
Baserritar gizajoa itxaroan dago, ea Administrazioak sustatutako radiata plantazioei alternatiba errealik noiz planteatuko, urtez urte gaixotzen ikusten baititu. Ziririk eta aitzakiarik ez dugu behar. Ataka delikatuan aurkitzen gara, epe luzerako estrategia izatea eskatzen diguna. Alternatiba belaundaldiartekoa izango da, edo ez da izango. Baso politika berriaren fruituak ezin dira 35 urtera jaso, egun intsignisarekin planteatzen duten bezala. Eta oinarri gisa ezin da soilik m3/ha hartu, zoru kapitalaren zaintzea, bioaniztasuna, zerbitzu ekosistemikoak… ere kontuan izan behar dira. Eta noski, bertoko basoa edo baso autoktonoa “aprobetxatu” ezin daitekenaren dogma gainditu behar da.
Pozez ikusten dut nola EH Bilduren eskutik Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jartzen saiatu ginen politika batzuk- bertoko baso eta habitat naturalen zuzendari izan nintzen denbora batez- “Kolore Guztieko Basoak” bezalako ekimenetan dutela isla.
Etorkizuneko eta etorkizunezko baso politika planteatu nahi baldin badugu, hauek dira giltzarri ulertzen ditudan puntuak:
8. Larregizko baso jabetzatik haratago joango den kudeaketa publikoa.
9. Bertoko espezieen ezaugarritze teknologikoa, eraikuntza/bioeraikuntza sektoreak aukera eta kalitate ezberdinen paleta izan dezan, pinu egurretik haratago.
10. “Prosilva” bezalako naturatik gertu dauden basogintza landa publikoetan saiakerak egitea, enpresa eta jabeei ezagutza berriak eramateko.
11. Radiata eta Eukaliptoari dagokion “matarrasa” politiken egungo kudeaketaren ingurumen-eragina aztertuko duen Batzorde independente baten eraketa.
12. Egurraren bigarren transformazioan lan egiten duten puntako enpresek inportatutako haritz egurrarekin egiten dute lan. Egur nobleen merkatua badago nazioartean, gorantza doana gainera.
13. Ekosistema konplexuak eta espezie anitzeko baso sailak erresiliente eta egonkorrenak dira izurrite, gaixotasun edo klima aldaketak erakarritako ondorioen aurrean.
14. Basogintzarako diru laguntzak, aurrez aipatutako helburuok lortzera bideratu behar dira.
Izadia jakintsua da, izan gaitezen politika publikoak egikaritzen ditugunok ere.

Roke Akizu
Eusko Alkartasunaren Ingurumen Idazkaria
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitat Naturaleko zuzendari ohia