Paperean edozer gauza edo konpromiso idatzi daiteke. Aste honetan PSOEk eta Ciudadanosek hirugarren baten laguntzarik gabe gauzatuko ez zela zekiten ituna egin dute. Eta ez dirudi gaur gaurkoz hirugarren bat prest dagoenik. Hala ere, kontziente jokatu dute biek eskuetan dituzten karta apurrak baliatuz. Pedro Sanchezek badaki hau dela presidente izateko aukera bakarra eta betiko eskuinaren bertsio modernoarekin ituna egin du ezkerreko paktua aldarrikatzen zuen bitartean. Albert Riverak berriz, ez du lotsarik izan Sánchezen inbestidurak huts egin eta gero Rajorekin negoziatuko duela esateko.

Botere nahiak eta barne beharrek eraman dute PSOE bezalako ustez federalista den alderdia Ciudadanos zentralistarekin hitzarmena bilatzera. Deabruarekin egindako akordioa da (bi ala bientzat) eta Ciudadanos da irabazle nagusia, izan ere jokatzen egon da “boterera noren eskutik iritsi lehenago” jolasera. Ez zen harritzekoa izango martxoaren 1eko inbestidurak huts eginez gero, Mariano Rajoyren PPren eskutik bigarren saiakera bat egiten saiatzea. Eta Rivera zentro-gizona bezala aurkezten den bitartean, hitzarmenak egonezina sortzen ditu sozialisten artean. PSOEk emandako datu ofizialen arabera apenas militantziaren erdiak eman zuen atzo botoa eta lider asko izan dira bere bozka zein izan den esan ez dutenak, esperpentoaren aurrean isilik mantenduz. Izan ere, sozialistek egin dituzten zesio batzuk, diputazioak desagerraraztekoa adibidez, ez da Sanchezen baroien gustukoa izan.

Bi alderdien arteko akordioa hilik sortu zen hitzarmena da, itxura hutsezko akordioa, marketing estrategiako puntu bat baino ez. Aldaketa aldarrikatzen aritu da Sanchez, “ezkerreko koalizioa handiari” buruz hitzegiten, eta Alber Riveraren alderdiarekin egindako hitzarmena Podemosen kontrako jarrera izango zuela bazekien, eta Pablo Iglesiasen alderdiari da hauteskundeak errepikatzea gehien komeni zaiona.

Hala ere, PPk ez du bigarren mailako protagonista izan nahi eta oso zaila izango litzateke berak lideratzen ez duen akordio batean parte hartzea. Sanchezen inbestidura aurrera aterata ere oso zaila da sozialistek eta C´s ek hitzartu duten Kostituziaren erreforma egitea, Senatuan PPk duen gehiengoa gainditzea ezinezkoa delako.

Eta eskenatoki honetan, non dago EAJ? Ohi bezala erdibidean egon zen hasieran, konstituzio erreformarena urka agertu gabe, euskal autonomismoari eragiten ez ziolako. Dena den, Abert Riveraren alderdiak abisatu du herrialdeen “pribilegioak” kendu nahi dituela, beraz, etorkizunean, Euskal Herria erasango dute berriro ere.

Baina aste hasieran izan zen hori. Ostiralerako jeltzaleak itun horretatik aldendu egin ziren, ez baitzuten galtzaile aterako diren horiekin argazkirik nahi.

Aldaketa garaia ikusten genuen Estatuan eta horrek Euskal Herrira ere garai berriak ekarriko zituela uste genuen. Baina itxaron egin beharko dugu. Ez dirudi egoera honetatik edo balizko hauteskundeen errepikapenetik ezer onik etorriko zaigula. Berriro ere, hauxe da Espainiak eskaintzen diguna: frustrazio eta etorkizun eza. .