Gasteiz eta Iruñeako parlamentuetako kideek inkumunikazioarekin amaitu dezatela eskatu dite Urkullu eta Barcinari gaur egindako agerraldian.

EH Bildun parte hartzen ari garen Gasteizko eta Iruñeko parlamentariok euskal jendarteak erronka handiak eta urgenteak dituela azpimarratu nahi dugu. Erronka gehienak herri bezala jorratu behar eta irtenbideak bilatu behar ditugu, oraingo banaketa administratiboa gaindituz.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremana hutsala bada ere, egoera hau gainditzeko urratsak ematen hasi behar dute gobernu hauen arduradunek. Ezin dira geratu bakoitza bere zilborrari begira, herri honen arazoei irtenbidea bilatu nahi izanez gero.

Gai asko eta asko elkarlanaren bidez jorratu behar direla uste dugu. Gure aldetik, EH Bildu osatzen dugun parlamentariok gure arteko elkarlana areagotzeko konpromisoa sendoa da eta gaurko prentsaurreko eta hemen bertan aurkeztuko ditugun ekimen parlamentarioak horren frogak dira.

Izan ere, egoera ekonomiko larri honetan EAEren eta Nafarroaren arteko harreman instituzionalik ez izatea arduragabekeria da. Bi administrazioen arteko harremana ziurtatu behar da, egoeraren irakurketa komuna egin eta irtenbideak bilatu ahal izateko. Bietan konpartitzen dugun ekonomiaren arazo estrukturala ikusita, beste politika ekonomikoa egiteko aukerak aztertu behar; esate baterako, politika fiskala justuagoa egiteko aukera.

Gatazka gainditu eta normalizazio politikoa lortzeko bidean ere bi gobernuren arteko elkarlanaren garrantzia begi-bistakoa da. Euskal Herrian gatazka behin-betiko gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko aukeraz beteriko agertoki berria ireki da. Bi Gobernuek aztertu beharko lukete zein den egungo egoera eta bera gainditzeko eman beharreko urratsak definitu. Arduraz aritu behar da eta ulergaitza da bi gobernuren arteko komunikazio eza.

Kultura arloan ere elkarlana beharrezkoa da. Esate baterako, oraindik ere ETB Nafarroan ikusteko zailtasunak ez dira ulertzen. Bi Gobernuek errua elkarri leporatu beharrean, irtenbideak bilatu beharko lituzkete, euskarazko telebista ikusi ahal izateko. ETB ikusteko saiakerak zigortu nahi izatearen aurrean, bi gobernuek arduraz jokatu beharko lukete, akordioak lortu eta gauzatuz.

Beraz, arlo kulturalean, ekonomikoan, politikoan eta sozialean ditugun loturak ikusita, Nafarroako Gobernuaren eta EAEko Gobernuaren arteko agenda bateratua beharrezkoa da. Halaber, lankidetza esparruak ere sortu behar dira, jendarteak dituen erronkei aurre egin ahal izateko. Horregatik bi gobernuri hainbat galdera egin dizkiegu.

Argi ikusten dugu bi Gobernuek hitzarmen berriak egin behar dutela haien arteko bitartekoak ahalbidetzeko. Esate baterako, bi gobernuek egoera politikoa aztertzeko, eta gatazka gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko, goi mailako bilera egin beharko lukete.

Egoera sozial eta ekonomiko larri honi aurre egiteko ekimen bateratuak abian jartzeko ere agenda adostu beharko lukete.

Edota hizkuntza politika aztertu eta garatzeko goi mailako bilera ere.

Halaber, bi Gobernuek sinatutako eta une honetan bertan behera geratu diren hitzarmenak berrezartzeko edota horiei jarraipena egiteko bitartekoak abian jartzeko asmorik al duten ere galdetu dugu.

Eta bukatzeko, beste bi galdera egin ditugu ea nolako edo zenbatekoa den orain arte sinatuta zeuden hitzarmenen garapen maila eta zein diren hitzarmen horien gaineko jarraipena egiteko organoak edo mekanismoak.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna