Nafarroa-Akitania-Euskadi euroeskualdetik Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugak irekitzeko lan egin dezala eskatu dio Maiorga Ramirez, EH Bildu Nafarroako legebiltzarkideak Gobernuari. Terrorismoaren aurkako borrokaren argudioarekin itxi zituen mugak Estatu frantsesak iragan urtarrilaren 14an. Mozioak Gobernuaren parte baten babesa izan du, Geroa Bairena, baita Podemos eta Izquierda-Ezkerrarena ere, baina PSNren abstentzioak UPNren ezezkoak irabaz dezala posible egin du. “Nafarroako Gobernuak egiten duen gauza bakarra ezin da Urkullu lehendakariak Macroni gutun bat bidaltzea”, esan die Ramirezek mozioa errefusatu dutenei.

Urtebeteko epean, mugak itxi diren bigarren aldia izan da, eta horrek inguruan bizi diren pertsonen eguneroko bizitzan arazo larriak sortzen ditu mugikortasunean eta harreman ekonomiko eta kulturaletan. Hori dela eta, Euroeskualdearen ezohiko eta premiazko bilera deitzeko eskatu dio Ramirezek Gobernuari, gaiari heltzeko, inguruko bizilagunen mugikortasunean duen eragina aztertzeko eta ahalik eta lasterren irekitzeko.

Euroeskualdearen eskumenetan sartu gabe, “Gobernuak baditu tresnak arlo horretan jarduteko”, esan du Ramirezek. Pertsonen mugikortasun askeari buruzko erabakia ez dagokiola Euroeskualdeari onartu du, baina “horretarako antolatu dira lankidetza instituzionaleko talde europar horiek, lurraldeari lotutako analisiak egiteko eta erabakiak hartzeko ahalmena dutenei proposamenak heltzeko”. EH Bilduko ordezkariaren ustez, mugak ixtean bilatzen diren segurtasun helburuak betetzeko formulak aurki daitezke, jendearen eguneroko bizitza oztopatu gabe.

Egia dena, legebiltzarkidearen esanetan, da “orain artean mugarik ez zegoen lekuan muga dagoela”, eta arazoak sortzen dituela ehunka nafarren eguneroko bizitzan.

Gaurko osoko bilkurak, gainera, etxebizitza baten jabe izan arren, adineko pertsonek alokairu babestuaren eskaintza eskuratu ahal izateko baldintzak ezartzen dituen mozioa onartu da. Errenta kontuan hartzeko derrigortasuna ezarri du EH Bilduk mozio horretan. Maiorga Ramirezek adierazi duenez, “eskubideen alorrean sailkapena egitea oso zaila den arren, egia da etxebizitza-parke publikoak lehentasuna eman behar diela etxebizitzarik ez dutenei eta errenta txikiena dutenei”.

Ramirezen hitzetan, “lehentasuna eskubidea urratuta dutenei irteera bat eskaintza delako eta bestetik 65 urtetik gorako pertsona batzuek arlo horretan zerbitzu publikoaren baliabideak ez erabiltzeko gaitasuna dutelako”.

Ramirezek mozioaren alde egin du, etxebizitza jabetzan izateko kontzeptua aldatzen ari dela esanez, “dagoeneko ez da bizitza osorako, beharrak ez baitira berdinak etapa guztietan”.

Gainera, EH Bilduko ordezkariaren ustez, gai horrek arlo soziala kontutan izanda aztertu behar da: “Covidarekin argi geratu da egoitzen eredua birpentsatu behar dugula”. Beste etxebizitza-eredu bat bermatu behar da, autonomia zainketekin uztartzen eta etxebizitza kolaboratiboak bezalako formula berriak jasoz.
maiorga