Iaz bi urterako inhabilitatu zuten, intsumisioa laguntzeagatik

Imanol Murua Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAko kidea ezingo da zerrendan aurkeztu datozen hauteskundeetan, alderdiak hala nahi badu ere. Iazko otsailean zigortu egin zuten, bi urteko inhabilitazioaz, Zarauzko alkate zela intsumisioaren alde jarduteagatik. Eta epaiari buelta emateko eginahalak egin badituzte ere, ez dute lortu. «Bidegabekeria» salatu zuten atzo Begoña Erraztik, Iñaki Galdosek, Begoña Lasagabasterrek eta Imanol Muruak berak: «Justiziak galga bat erabili du nirekin, eta beste bat jokabide bera izan duten beste zenbait alkaterekin».

«Beti defenditu izan dut askatasuna, demokrazia eta bakea», esan zuen Muruak. Duela zazpi urte bezala jokatuko luke orain ere, egoera berean egonez gero, adierazi zuenez. Epaileak «atzeratutako lege baten interpretazio gogorrena» egin zuela uste du Muruak, ordurako intsumisioa zigorgabetuta eta soldaduzka kenduta baitzeuden. Gainera, epaile berak egoera berean «alkate mordoxka bat» errugabetzat jo zuela dio Muruak: «Nola jaten da hori?». Beste batzuei, berriz, zigor txikiagoak eman zizkieten, eta Muruari soilik eskatu zioten bermea (2.160 euro). Sei hilabeteko espetxea edo bermea jarri zion epaileak: «Baina ez didate aukeratzen utzi. Hogeita hamaika eskutik egin didate; bermea kendu eta kito».

Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak epaia «hemengo justiziaren beste injustizia bat» dela esan zuen: «Ez naiz sentitzen gaizkilea, ezta benetako justiziak inhabilitatua ere, eta gutxiago herritarren konfiantza galdutakoa». Bukaeran, agur gisakoa egin zuen: «Bi urte barru ez dut jakingo non eta nola egongo naizen!». Eskerrak eman zizkien alderdikide, lankide, hedabide eta abarri, «babesa eta laguntza» emateagatik.

Lasagabaster Espainiako Kongresuko diputatuak, berriz, babes helegitea jartzea «konplexua eta luzea» izango zela azaldu zuen, eta iazko azaroan lege proposamena aurkeztu zutela Madrilen, intsumisioa bultzatu zuten hautetsien zigorrak atzera botatzea eskatzeko. Denbora aurrera joan ahala eztabaidatu ez zenez, indultu eskaera egin zuten, «kalte konponezinak eragozteko». Alabaina, orain erretiratu egin dute, Muruak dagoeneko ezingo duelako bozetan parte hartu.

Begoña Errazti EAko buruak Muruaren «bizitza politiko luzea edo EAren izena zikindu» nahi zutela uste du.

Jatorria: Eusko Alkartasuna