Erabakitzeko Eskubidea bake bide bezala aztertu da

Herrien Auzitegi Iraunkorrak Kurdistan eta Turkiaren kasua aztertzeko egin dituen jardunaldietan parte hartu du Eusko Alkartasunak. Lorena Lopez de Lacallek eta Lohitzune Txarola, Kontseilu Nazionaleko Nazioarteko Politika eta Giza Eskubide idazkariek ordezkatu dute alderdia nazioarteko legegileek parte hartzen duten jardunaldietan. Bertan egon dira ere HDP eta Bruselan dauden kurduen ordezkariak.

Txarolak “erabakitze eskubidea oinarri duen bake bidearen analisia zein interesgarria” izan den azpimarratu du, baita ere ordezkari kurduek nazioarteko erakundeei egindako kritika gordinak, horiek urteetan ofizialki aitortu gabeko gerrarekin ezikusiarena egin baitute.

Kurdistaneko ordezkari batek atzoko jardunaldian salatu zuenez, “bere herria bonbardatu behar zutela jakitean NBEri deitu zioten hori gelditzeko lan egin zezaten, baina ez ziren agertu, gero biktimak egiaztatzeko joango zirela uste zuten eta azkenean horretara ere ez ziren agertu”. Eusko Alkartasunako Giza Eskubideetako idazkariak ordezkari kurduek nazioarteko indarrei egindako kritikarekin bat egin du.

Era berean, Estatu terrorismoaren hainbat testigantza entzun dira. Jan Fermon fiskal nagusiak, IADL Legegile Demokraten Nazioarteko Elkartearen idazkariak Turkiar estatuak, erakunde kriminal bezala, horietan ardurak dituela esan du.

Gaurko egunean lan jardunaldiak emakumeen aurkako biolentziari arreta berezia jarriz jarraituko du. Lorena Lopez de Lacallek azaldu duenez, jardunaldietako ondorioak bi hilabeteko epean ezagutaraziko dira, Kurdistango gatazkaren konponbidean laguntzeko asmoz.
Paris Herrien Auzitegia 1