Mundutik urrun dagoen lurraldea izatetik nazioarteko komunikabideetako lehen orrialdeetan egotera dagoen urratsa eman du oso denbora gutxian Kalaalit Numaatek (Kalaalit Herria).
Klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileak ezin hobeto ikusten dira Groenlandian. Urtzearen bizkortzearekin batera meatze potentzial handiko lurralde zabalak agertu dira: uranio biltegiak eta “lur arraroak”, goi mailako teknologia, teknologia militarra eta egunero erabiltzen ditugun produktuak (sakelako telefonoak, bateria elektrikoak, ordenagailuak eta gailu medikoak) fabrikatzeko ezinbestekoak diren 17 elementu kimiko. Hori gutxi balitz, urtzea ekiditen ez bada, salgaien merkataritza eta garraiorako zetaren ibilbide berria irekiko da Artikoan.
Hortik dator Groenlandiak potentzia handia eta multinazionalentzat duen interes geopolitikoa, merkatu horren zati handiagoak bereganatzeko nahigatik. Munduko lehen erauzketatzailea den Txinak erauzketa-plantak ditu dagoeneko Groenlandian eta bertako meatze-enpresen kapitalaren zati handi bat ere eskuratu du. Estatu Batuek, bestalde, base militarra dute Thulen 1941. urtetik, eta interes nabarmena erakutsi dute bertako baliabide naturalei buruz. Ez zen kasualitatea izan Trumpek 2019an Groenlandia uhartea erosteari buruz hitz egitea.
Baina meatze-erauzketak ondorio larriak ditu ingurumenean zein pertsonen osasunean, hala nola kutsadura erradioaktiboa eta hondakin toxikoen pilaketa.
Hori izan da, hain zuzen ere, duela gutxi egin diren hauteskunde-lehiaren gakoa.
“Inuit Atagatigiit” ezker ekologistako alderdiak irabazi ditu 2021eko apirilaren 6an egindako hauteskundeak. Bere programan neurri gabeko meatzaritzaren aurka agertu da, lidergo gaztea izan du eta herri indigenek lurrarekiko eta haien baliabideekiko dituzten eskubide kolektiboak defendatu ditu. Botoen %37,4 lortu eta Inatsisartutak (Parlamentua) dituen 31 eserlekuetatik 12 eskuratu ditu.
Hiru nazioek osatzen dute Danimarkako erresuma: Danimarka, Groenlandia eta Feroe uharteak. Ikuspegi politikotik begiratuta, 2009az geroztik, autogobernuari buruzko lege berriak nabarmen zabaldu zituen Groenlandiaren eskumen esklusiboak, eta Danimarkako Gobernuak Groenlandiako herriaren autodeterminaziorako eskubidea aitortu zuen; hala ere, ikuspuntu ekonomikotik begiratuta, Groenlandiak Danimarkarekiko duen mendekotasuna oso handia da oraindik ere. Danimarkak aurrekontu nazionalaren % 50etik gorako diru-laguntza ematen dio, urtean 500 milioi euro inguru.
Une honetan, independentziaren aldeko gehiengo politiko garbiarekin, burujabetza administratiboa eta ekonomikoa uztartzea izango da eratuko den gobernuaren erronka nagusia, horrela epe ertainera begira independentziari buruzko erreferenduma egiteko bidea zabaltzeko. Itxaropen-garaiak dira eta aliantza berriak sortzen ari dira, garapen ekonomiko iraunkorra, trantsizio energetiko bidezkoa eta baliabide naturalen ustiapen arduratsua bultzatzeko.
Euskal Herritik eta autodeterminazio eskubidearen aldeko 46 alderdi politiko biltzen dituen ALE alderdi politikotik begiratuta, Groenlandiaren kasua paradigmatikoa da.
Europar Batasuneko estatu kide batek, Danimarkak, alegia, burujabetasunerako eskubidea duen herri eta nazio bezala aitortu du Groenlandia. Printzipio demokratikoetan oinarrituta, XXI. mendean pertsonek beren etorkizun kolektiboari buruz hautestontzietan askatasunez adierazitako borondatea bide demokratikoa aurkitu behar duela pentsatu daiteke. Horregatik, datorren maiatzaren 9an Europaren etorkizunari buruzko herritarren eztabaida ireki baino lehen, inoiz baino indar handiagoz aldarrikatzen dugu EBk erreferentziazko esparru juridiko bat izan behar duela, herriek erabakitzeko duten eskubidea askatasunez gauzatu ahal izan dezaten, ondoren nazioarteko onarpena lortzeko.
Eskozia, Katalunia, Flandria, Euskal Herria, Gales baina baita Bretainia, Galiza eta Korsika ere, Europaren aldeko jarrera irmoa duten herriak dira eta bertan bere lekua aurkitu beharko lukete, hiritarrek hala erabakiko balute, estatu independente bezala ere.
Gasteiz, 2021eko apirilaren 8a
Lorena López de Lacalle Arizti
Eusko Alkartasunako Nazioarteko Harremanetarako idazkaria eta ALEko presidentea