Joseba Azkarraga Ez litzateke harrituko. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren PPren eta PSEren arteko balizko akordioari buruz horixe erran du Iruñean Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburu eta EAko idazkari nagusi Joseba Azkarragak. «Litekeena da bi alderdiek bat egin eta indarrak elkartu nahi izatea, nazionalismo instituzionala gobernutik kentzeko asmoarekin».

 

Ideia bera defendatu dute alderdi bereko kide Mikel Irujok eta Maiorga Ramirezek ere. Europako Parlamentuko kide Mikel Irujok PSEko buru Patxi Lopez izan du mintzagai, eta «kamaleoi politikotzat» jo du. «Ezin zara sozialistekin fidatu; gauza bat esan, eta beste bat egiten dute», azaldu du EAko Komunikazio idazkariak. PSOE herritarrengandik urrun dela gaineratu du Irujok.

 

Pentsioen auzia jarri dute egoera horren adibide. «Estatuan pentsioek gora eginen dutela iragartzen du PSOEk, eta, aldi berean, EAEn erabaki bera hartzen dugunean, erabaki horren kontra helegitea aurkezten dute», erran du Irujok. Azkarragak ziurtatu du erretiroa hartu duen inork ez duela jasoko lanbide arteko gutxieneko soldataren %100 baino gutxiago EAEn.

 

Nafarroako EAko presidente Maiorga Ramirezek bat egin du sozialisten kontrako kritikekin. EAEko hauteskundeen harira, Nafarroan gertatu zena kontuan hartu beharrekoa dela azpimarratu du Ramirezek. «Botoa eman zietenen iritziaren kontra, eskuinarekin bat egin zuten sozialistek Nafarroan; agerian utzi zuten Madrilen hartzen dituztela erabakiak».

 

Kontsulta, eskubidea

 

EAEko kontsulta, halaber, hizpide izan du Azkarragak Iruñean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez baimentzeko erabakia hartu ondoren. «Kontsulta defendatzen dugunean, herritarrek erabakitzeko duten eskubidea defendatzen dugu», erran du Justizia sailburuak, eta, ondorioz, gogor kritikatu du sozialistek egitasmo hori epaitegietara eramatea. «Ez da logikoa, eta ezta ona ere, erabakitzeko eskubidea defendatzeko proposatzen den egitasmo oro epaitegietatik igaro behar izatea».

 

«Kontsulta, goiz edo berandu, eginen da; eskubide demokratikoa da, herritar orok duen eskubide demokratikoa». Ildo horretan, Espainiako Gobernua politika judizializatzen ari dela erran du Azkarragak. «Hemen dagoen arazoa arazo politikoa da; erro politikoak ditu, eta, ondorioz, konponbideak ere politikoa behar du. Eztabaida esparru horretatik justiziaren esparrura eraman nahi izatea alderdikeria baino ez da», salatu du.

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Edurne Elizondo/Berria