Antxon Belakortuk hiritarren erakundeak Arriagako autobus geltokiari buruzko EAren iritzia berretsi duela nabarmendu du, eta beharrezkotzat jo du Udalak Kontseiluaren argudioak entzutea PSEk eta EAJk sustaturiko proiektua onartu aurretik, behin betiko bertan behera utzi ahal izateko.

Guztira 28 elkarte biltzen dituen Gizarte Kontseiluak PSEk eta EAJk Arriagako parkean eraiki nahi duten autobus-geltokiaren aurkako EAren jarrera kritikoa berretsi du, nabarmendu du Antxon Belakortuk, berak erakunde horren iritzia espreski eskatu zuela gogorarazi ostean. EAko zinegotziaren ustez, “Gizarte Kontseiluak gure argudioak berretsi egin ditu eta Gasteizko gehiengo zabal batek gurekin bat egiten duela agerian utzi du”.

EAk Gizarte Kontseiluko ordezkariak Udaletxean ager daitezela eskatuko du, bertan, udal talde guztien aurrean, PSEren eta EAJren proiektuaren kontrako bere argudioak azaldu eta alternatibak aurkezteko. Belakorturen aburuz, “ezinbestekoa da udal talde guztiok Kontseiluaren argudioak ezagutzeko eta eztabaidatzeko aukera izatea autobus-geltokiaren proiektua onartu baino lehen, horrela behin betiko bertan behera utzi ahal izateko”.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna