Elkarrizketa eta parte hartzea dira Gipuzkoan hondakinei buruzko eztabaida politiko eta soziala konpontzeko bidea, Iban Asenjo, EH Bilduko batzarkideak gaur, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Foru Arau Proiektuaren eztabaidan esan duenez. Herrialdean hiri hondakinen inguruko arazo sakona dago, “eta arazo politikoa da, demokratikoa, horregatik, konponbidea politikoa izan behar du eta elkarrizketatik, negoziaziotik eta jendartearen oniritzitik baino ez da iritsiko”.
EH Bilduk eta Podemos-ek osoko zuzenketak aurkeztu diote EAJ-PSE Gobernuak aurkeztutako plangintzari, eta legitimazio gabezia izan da Asenjok azpimarratu duen arazoetako bat: “Bada garaia elkarrizketa sozialean eta lankidetzan oinarritutako politikak egiteko; alderdiok herritarrak ordezkatu behar ditugu baina ez jendartea ordeztu”.
Gobernuak aurkeztu duen plangintzaren mamira joanda, “osasun eta ingurumenerako kaltegarria den eredua” dela adierazi du EH Bilduko batzarkide eta eakideak, eta EAJk eta PSEk “kudeaketa pribatuaren bitartez proiektua negozio” bihurtu dutela salatu.