Esparru politiko berriaren alde agertu da, GAren urteurrenean

«Esparru politikoa aldatzeko Europatik laguntzarik ezin dugu espero», hala esan zuen atzo Carlos Garaikoetxea EAEko lehendakari ohiak, Tolosan. Esparru berri baten beharraz jardun zuen, Gazte Abertzaleak EAko gazteen erakundeak 15. urteurrena duela-eta antolatutako ekimenei hasiera emateko.

Duela 23 urte sortutako Autonomia Estatutua «oso mugatua» dela uste du Garaikoetxeak eta, gainera, «historikoki zapaldu» egin dutela, baina garai hartan zaila zela besterik sortzea. «Orain, aldiz, egoera aldatu egin da». Ibarretxeren proposamenaren alde agertu zen; «irekia» dela esan zuen, eta ordua dela abertzaleak mahaiaren bueltan esertzeko. Galdeketa egingo balitz eta Espainiako Gobernuak ez balu herriaren hitza errespetatuko, «erresistentzia politikoaren ordua» etorriko litzatekeela dio. Planto egiteko garaia. Dena den, haren arabera, «ez dira garai onak» Europari laguntza eskatzeko.

Ikusmin handia sortu zuen Garaikoetxearen hitzaldiak. Kultur Etxeko aretoa bete egin zen. Jende gaztea eta adinekoa, nahasian. Onintza Lasa EAko Komunikazio arduradunak aurkeztu zuen ekitaldia. Eta entzuleen artean ere bazen aurpegi ezagunik: Begoña Lasagabaster EAko diputatua, Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendaria eta Antton Izagirre Tolosako alkatea, tarteko. Minutuko isilunea ere egin zuten, Iraken aurkako erasoa gaitzesteko.

Jatorria: Carlos Garaikoetxea