Miramar jauregian egin da babes ekitaldia, eta Carlos Garaikoetxea, Nestor Basterretxea eta Ikerne Badiola izan dira bertan EA ordezkatzen, gizarte arloko eta kirol eta kultur munduko jende ezagunaren alboan. Eusko Alkartasunak autodeterminazioaren aldeko Unea iritsi da ekimenari babesa agertu eta datorren larunbatean Ordizian egingo den festan parte hartzeko deia egin du. Eskoziako ordezkaritza zabala izango da bertan.

Gipuzkoako Goierri eskualdean du sorburua ekimen horrek, eta autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenean askotariko eragileak, gizartearen ordezkaritza zabalak, bat egitea lortu dute. Besteak beste, EAko, ezker abertzaleko, ABko, Aralarreko eta EAJko ordezkarien babesa jaso dute. Halaber, harreman estua landu dute Eskoziarekin, herrialde hartan autodeterminazio eskubidea gauzatzekotan direla-eta esperientzia hartatik zer ikasia dagoela iritzita.

Hain justu, datorren larunbatean, hilaren 16ean, aldarrikapen festa egingo dute Ordizian (Gipuzkoa), eta Eskoziako ordezkaritza zabalak parte hartuko du ekimenean. Antolatzaileek diotenez, inoiz Eskoziatik kanpo Europan egin den Eskoziako kulturaren erakustaldirik zabalena izango da.

“Autodeterminazioa gauzatzeko unea”

“Euskal Herria nazio naturala da, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, euskal herritarrik dugu autodeterminatzeko eskubidea, eskubide demokratiko unibertsala denez, Euskal Herrian eta nazioartean eskubide horren eskaera egingo dugu”, dio agiriak.

Baina ekimenean batu direnek azpimarratu dute ez dutela eskaera hutsean geratu nahi, baizik eta “autodeterminazioa gauzatzeko unea” iritsi dela. “Hemen bildu garenok, eguneroko itxituretatik irten eta langa pasatzeko erabaki sakona hartu dugu. Txindokiren magaleraino heldu nahi dugu elkarrekin, Larraitz topaleku izan dadin”, diote. Eskubidea gauzatzeko oinarria giza eskubideak, zein eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzea dela zehaztu dute.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna