EAEko herritarrek  Gernikako Estatutua erreferendumean
onartu eta handik hogeita bi urtera, Eusko Alkartasunako Euskadiko Batzorde
Eragileak ozenki salatu nahi du Estatuko Gobernuan erantzukizuna izan dutenek
urte hauetan gure herriaren borondateari egin dioten iruzurra.
            Gernikako Estatutuak, gaurkoaz
oso bestelako egoera politikoan negoziatu zena, oreka politiko oso zail batera
iritsiz –gure burujabetza eta Euskal Herriaren lurraldetasunerako asmo legitimoak
biltzen ez zituen arren, premiazkoa zen gure herriak arlo guztietan zituen behar
larriei erantzuna emateko: ekonomian, kulturan, hizkuntzan, eta abarrean-, gure
Historiaren une transzendental eta konprometituan hainbat arlotan lan egiteko
aukera eman zigun. Aukera hori, noski, ituna onartu genuen bi alderdien borondatean
zegoen oinarritua. Hala eta guztiz ere, gaur egunean gauzak oso bestelakoak
dira eta estatutuaren ituna alde batek zapuztu egin du.
            Estatutuak, ondorioz, bete du jada
bere garai historikoa eta burujabetzan sakontzeko beste urrats bat egin beharra
dago, estatutuaren iruzurra gaindituko duen adostasun politiko berri baterantz,
euskaldunon borondatea duelarik erreferentzia funtsezko eta bakarra.
Gernikako Estatutu honek, 1979an itxaropen handia
ekarri zuen eta itzelezko aurrerapausoa eragin zuen arren, etengabeko erasoa
jasan du eta ondorioz edukian eta izpirituan murriztuta geratu da, behin eta
berriz hainbat interpretazio murriztaile jasan ondoren. Gorte Orokorrek sortutako
oinarrizko legeriak, Gernikako Estatutuak ezarritako marko juridikoaren artikuluen
edukia baliogutxitu du. Oinarrizko legeriaren bidez egindako eraso hauek serioski
kaltetzen dute hainbat artikuluren balioa eta formalki ezabatzen ez den arren
desitxuratutako agindu bihurtzen dute, 1979ko urriaren 25eko erreferendumean
herritarrek onartutako Estatutuarekin zerikusirik ez duen agindua, hain zuzen
ere.  Adibide bezala, nahikoa da LOAPAren kasu paradigmatikoa gogoratzea.
            Dokumentu honen izpiritua
eta edukia murriztu duen beste faktore bat Auzitegi Konstituzionalaren interpretazioak
eta epaiak izan dira, zeinak jatorrizko borondatearen aurkakoak izan baitira.
Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenak ezarri nahi zituen gure aldearen borondatearen
aurkakoak behintzat bai. Funtzio Publikoaren Legea onartu zenean, adibidez,
eremu publikoko eskumena gure erkidegoarena zen, eta hala eta guztiz ere, Konstituzionalaren
epaiaren ondorioz soldata-igoerarako ehunekoa ezabatu zen. Hau bezalako gertakariek,
anekdotarena baino askoz ere garrantzi handiagoa dute, Espainiako Estatuaren
Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumen-lehia baitakarte.
Garai bateko Europako Elkarterako atxikimendua,
(Orain Europako Batasuna deitzen dena), eta ondorioz Europako Zuzenbidea hartzea,
eskumenak husteko bide bihurtu da, trukean Europako instantzietan zuzenean parte
hartzeko aukera ez dugularik. EAEtik eta Estatutik Europako Batasunerako eskumen-transferentzia
izan behar zuena, EAEko eskumenen Estaturako transferentzia bihurtu da, honek
eskumenen gaineko erabakiak Europako Kontseiluan elkarbanatzen dituelako. Europako
boterea eta zuzenbidea Bruselatik Madrilera igaro dira, zuzenean, Gasteiz kontuan
hartu gabe, nahiz eta gure erkidegoak eskumenak dituen gaietako hainbat alderdi
arautu.
            Urteak daramatzagu transferitu
gabe dauden hogeita hamazazpi eskumenak errebindikatzen. Gasteizeko Legebiltzarrak
berak aho batez onartu zuen 1995ean eskumen horiei buruzko txosten bat eta transferitzeko
eskaera egin zuen. Gaurkoan, Espainiako Gobernuak bere hitza ez betetzeaz gain,
eskumenen transferentzien egoerari buruz gezurrak esanez eta errealitatea desitxuratuz
herritarrak engainatu nahi dituen honetan, berriz ere adierazi nahi dugu hainbat
gai transferitu gabe daudela, hala nola gizarte eta lan arloekin zerikusia duten
eta gure Herriaren garapenerako hain garrantzitsuak diren gaietan bereziki.
Egoera honen ondorioz ezin gara gure politika propioez baliatu lanpostu egonkorrak
sortzeko, emakumeen eta gizonen arteko bidezko oreka justua lortzeko politikak
bultzatzeko, lan-jardunaren ordutegia berrantolatzeko, diru-laguntzak eta pentsioak
arautzeko, eta abar.
Horregatik guztiagatik, bere garaian Euskal Autonomia
Erkidegoko herritarren gehiengoak, erroldaren erdiak baino gehiagok, onartutako
autogobernu-esparrua, gaur egun eskas geratu da, alde batetik gaur egunean zinismo
politikoa lagun dutela estatutuaren defendatzaile bezala agertzen direnek murriztu
dutelako eta egungo euskal gizartearen eskaerei erantzun praktikoa emateko gaitasunik
ez duelako.
Arrazoi horiengatik, Eusko Alkartasunak adostasun
politiko berri bat bultzatzeko garaia iritsi dela aldarrikatu nahi du. Adostasun
honek elkarrizketan oinarritutakoa eta proposamen politiko ezberdinen (hauteskundeetan
lortutako ordezkaritza dutenek emanak) bateratze demokratikoa izan behar du,
Euskal Herriko herritarren borondatea errespetatuz.

Jatorria: Eusko Alkartasuna