Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzalea eta Alternatibarekin batera, babesa adierazi dio euskal gehiengo sindikalak biharko, ekainak 12, espainiar Gobernuaren neurri ekonomikoak salatzeko eta euskal langileen borondatea errespetatzeko exijitzeko deitutako manifestazioari. Euskal gehiengo sindikalak egoerari buruzko diagnostiko zuzena egin duela dio EAk, eta bat dator Euskal Herrian eredu sozio-ekonomiko alternatibo, demokratiko eta zuzena aldarrikatu beharrarekin.

Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzalea eta Alternatibarekin batera, babesa adierazi dio euskal gehiengo sindikalak biharko, ekainak 12, espainiar Gobernuaren neurri ekonomikoak salatzeko eta euskal langileen borondatea errespetatzeko exijitzeko deitutako manifestazioari. Euskal gehiengo sindikalak egoerari buruzko diagnostiko zuzena egin duela dio EAk, eta bat dator Euskal Herrian eredu sozio-ekonomiko alternatibo, demokratiko eta zuzena aldarrikatu beharrarekin.

Ondoren, Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak adostutako testua.

Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta Ezker Abertzalea indar politikook bat egiten dugu euskal gehiengo sindikalak biharko, ekainak 12, deitutako manifestazioarekin, Gobernuaren neurriei aurre egiteko eta euskal langileen borondatea errespetatu beharra aldarrikatzeko: “Euskal langileon etorkizunaren jabe”.

Sindikatuen deialdiak krisiari buruzko diagnostiko zuzena egiten du, Madrilgo Gobernua eta Gasteizko zein Iruñeko haren sukurtsal administratiboak ezartzen ari diren neurriak salatzen ditu eta, bereziki, Euskal Herrian aldaketa soziala lortzeko behar diren neurriak, egiturazkoak eta zehatzak, definitzen ditu.

Manifestazio honekin bat egiten dugun alderdiok zera adierazten dugu:

- Pairatzen ari garen krisi ekonomikoak erantzule zehatzak ditu: eredu ekonomiko-soziala eta horren kudeatzaileak; sekulako hipokrisia da, beraz, konponbideak planteatzea eredu berak krisia ekarri duten berberen zuzendaritzapean jarraituko duela bermatzeko. Aski dela esan behar diogu itsu-itsuan jarraitzeari; eredu sozio-ekonomiko alternatibo, demokratiko eta zuzen baterantz aurrerapausoak ematea behar-beharrezkoa da.

- Madril, Gasteiz eta Iruñeko Gobernuek eredu nagusi horren sostenguan aktiboki parte hartzen dute eta finantza-merkatuen oharpenei jarraitzen diete. Finantza-merkatu horiek dira, hain zuzen ere, krisiaren erantzule nagusiak, baina espainiar Estatuak 61.000 milioi euro eman dizkie jada, sektore horretako erakundeak finantzatzeko. Neurri horiek bidegabeak dira eta, gainera, egungo egoera eragin duten kausetan sakontzen dute.

- Euskal erakunde eta langileak gizarte elkarrizketarako eta erabaki ekonomikorako estatu mailako esparruaren inposizioak pairatzen ari dira. Estatuko esparru horrek erabakiak hartu eta euskal sindikatuen eta eragile ekonomikoen protagonismoa bertan behera uzten du.

- Soldatak, pentsioak eta inbertsioak doitzeko neurriak eta ziurrenik egingo den lan erreforma gizarte eta lan eskubideen aurkako eraso larriak dira. Oro har, langileek ¬-guri dagokigunean, euskal langileek- pairatuko dituzte ondorioak; alegia, espainiar Estatuan zehar hain hedaturik dagoen adreiluaren, ustelkeriaren eta pelotazoaren kulturaren ondorioak. Krisia haiek ordain dezatela.

- Soldatak murriztea, Enplegua Erregulatzeko Espedienteak onartzea, pentsioak bere horretan uztea eta kontratatzeko zein kaleratzeko baldintzak erreformatzea gizarte eta lan eskubideen aurkako eraso larria eta sekulako bidegabekeria da. Bitartean, lan errentek karga fiskal handiena jasaten dute, baina zerga-iruzurra ikutu ezina da eta baliabide publiko asko eta asko helburu militarrak zein errepresiboak, Errege Etxea eta finantza-erakundeak finantzatzeko erabiltzen dira, aurrekontu publikoak baldintzatuz.

- Halaber, Euskal Herrian gizarte elkarrizketarako eredu berria zabal dadila espreski exijitzen dugu, indar politiko eta sindikal guztien artean krisiari aurre egiteko neurri eraginkorrei heldu ahal izateko, betiere lan harremanen eta gizarte babesaren euskal esparrua errespetatuz. Euskal Herrian euskal gehiengo sindikalaren ordezkaritza errespetatzeko eskatzen diegu, baita ere, euskal instituzio guztiei.

- Azkenik, deialdi hau babesten dugun alderdiok lan harremanen eta gizarte babesaren euskal esparruaren aldeko aldarrikapenarekin bat egiten dugu, hori egiturazko tresna baita sindikatuen eta eragile ekonomikoen protagonismoari heltzeko, gure herriaren etorkizun ekonomiko eta sozialari begira.

Murrizketarik ez! Eredua alda dezagun Euskal Herriko langileriaren erabaki eskubidea errespetatuz!

Jatorria: Eusko Alkartasuna