Euskal Hezkuntza Komunitatea aitortu eta bere erabakia errespetatua izan dadin eskatzen duen proposamena onartu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek EH Bilduko batzarkidea eta EAkidea den Iban Asenjok proposatuta. Podemos-Ahal Dugu taldeak aurkeztutako proposamenari emendakina egin eta hori aurrera ateratzeko EAJ eta PSEren baiezko botoak lortu ditu koalizioak.
“EH Bilduk Madrilen zein Gasteizen zein Donostian berdina aldarrikatu du: Hezkuntza Ituna bai, baina euskal hezkuntza komunitate guztiaren artean eta berton erabakia”, azaldu du Asenjok, Podemosen proposamena gogor kritikatuz: “Proposamenaren ikuspegia erabat espainola da eta ez du inondik inora kontuan hartzen euskal hezkuntzak dituen berezitasunak, beharrak eta eskaerak”.
EH Bilduk ez duela Estatu mailan hezkuntza hobetzeko egiten diren iniziatibak oztopatuko argitu du batzarkideak, baina “hezkuntzan arloan ere, edo, agian, hezkuntza arloan, gehien bat, burujabetza behar dugu, benetako eskumen osoa aldarrikatu behar dugu”, azpimarratu du.