Azken hamarkadetan Euskal Herria suntsitu duten indarkeria guztien biktima guztien aitortza lortzeko eta bakea sendotzeko lanean jarraitzeko beharra azpimarratu du Eusko Alkartasunak. Kataluniako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak aste honetan bertan “Euskal Herriko bakearen alde” onartutako adierazpenaren harira, behin betiko bakerako baldintzen eskaria euskal herritarrei eragiten dien gizarte-eskaera dela azpimarratu du Eusko Alkartasunak baina baita Europako esparruko afera ere. Bertan, Europan, aldarrikapenak aurkeztu eta gauzatzeko tartea dago.

Alderdiak pozik hartu du “bi herrialdeen arteko loturak agerian uzten duen” erakunde katalanaren adierazpena, eta “Euskal herriari etapa berri bat finkatzeko bidean laguntzeko borondatea” adierazten duena, “hildakoen eta haien senideen oroimena oroituz eta aitortuz”.

Onartutako dokumentu instituzionalak Eusko Alkartasunak 33 urteko ibilbidean defendatu dituen printzipioak aipatzen ditu: giza eskubideak oinarri mugiezin gisa eta biktima guztien egia, justizia eta erreparazioaren printzipioak defendatzen ditu;, presoen familiak zigortzen ez duen eta haien eskubide guztiak errespetatuko duen espetxe-politika aldarrikatzen du; eta presoei Euskal Herriak bizi duen aro berriak eskatzen dituen urrats guztiak eman ditzatela dei egiten die.

Kataluniako Parlamentuaren akordioak “premiaz konpondu beharreko gaian jartzen du arreta, eta helburu horrekin lanean jarraituko dugu horretarako prest agertu diren alderdi katalanekin, bereziki Espainiako Kongresuan eta Senatuan “.