Lehen ANV-EAEkoa izandako atxiki gabeko zinegotzi bati txupinazoa botatzen uzteagatik terrorismoaren gorazarre egitea leporatu diote Gurbindori eta gaur Foru Poliziaren aurrean deklaratzera deitu du Auzitegi Nazionalak.

Eusko Alkartasunako Euskadiko Batzorde Eragileak erabateko babesa adierazi dio Peio Gurbindo Atarrabiako alkateari. Izan ere, Gurbindori terrorismoaren gorazarre egitea egotzi diote lehen ANV-EAEkoa izandako atxiki gabeko zinegotzi bat herriko jaietako txupinazioa botatzen uzteagatik eta, Auzitegi Nazionalak hala eskatuta, Nafarroako Foru Poliziaren aurrean deklaratzera joan behar du gaur bertan.

Bere eskubide zibil eta politiko guztiak indarrean dituen zinegotzi bati txupinazoa botatzeko eskubidea ematea ezin da inolaz ere delitu izan. Zentzugabekeria hau ulertzeko eta interpretatzeko modu bakarra dago: alkate eta alderdikide horren izen ona era ziztrinean eta onartezinean zikindu eta bere kreditu politikoa eta soziala gutxietsi nahi dute, eta bide batez, baita ere Eusko Alkartasunarena eta Nafarroa Bairena.

Deklaratzera joateko deia Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzatik atera da eta, organo hori PSOEren Gobernuaren menpe dagoela kontuan hartuta, agerian uzten du alderdi hori modu zikinean jokatzeko eta Estatuko baliabide guztiak alderdikeriaz erabiltzeko prest dagoela, horrek, kriminalizatzeko estrategiarik zakarrena erabiliz, aurkari politikoari bidegabeki aurre egiteko aukera ematen baldin badio.

Legean aurreikusitako suposizio bat ere ez da ematen terrorismoaren gorazarre egiten dela esan ahal izateko, inoiz ez zelako ezer egin inolako ekintza kriminalik justifikatzeko, goraipatzeko edo laudatzeko.

Azkenik, Eusko Alkartasunak jakinarazi nahi du bere zuzendaritza nazionaleko hainbat kide Peio Gurbindoren ondoan izango direla gaur, babesa emanez, deklaratzera joaten denean.

Jatorria: Eusko Alkartasuna