Europar Batasunaren sorrera posible egin zuten akordioen 60. urteurrena oso une kritikoan dator. Errefuxiatuen krisia, xenofobia kutsua duten alderdi populisten hazkundea, integrismotik bultzatutako erasoak, Ongizate Estatuaren eta eskubide sozialen murrizpenak, eta amaitzen ez den krisia kezka handia dira.

Eusko Alkartasuna Europar Batasunean sinisten duen alderdia denez, krisi hau erronka bihurtu nahi du, batasunaren baitan dauden herrien eskubideetan eta gizarte justizian oinarritutako Europa lortzeko. Hau da, Europa soziala, hiritarren Europa lortzeko aprobetxatu behar dugu, orain 60 urte Europar Batasunaren sorrera bultzatu zuen ideia jarraituz.

Erronkei buruz hitz egitea ez da hitz hutsak erabiltzea, batasunaren atera deika ditugun aukera historikoak baitaude. Orain arte, eta Alemaniaren berrelkartzea kenduta, batasunaren inguruan egin dira burujabetza prozesuak, errepublika baltiko eta balkanikoetan, Txekia eta Eslovakian eta abar. Baina egun barruan izaten ari dira, Eskozia eta Kataluniako prozesuak batez ere baina baita Flandria, Korsika eta Euskal Herrian. Datozen urteetan beraz, batasuna herrien erabakiak aintzat hartzera behartuta egongo da.

Gizarte justizia ere ezin da ahaztu. Bi aukera daude: gizarte justizia edo errefuxiatuak gure mugetatik at eta migranteak bere herrietara bueltan nahi duen populismo xenofoboa. Azken honek gainera neoliberalismoan kokatzen diren errezetak eskaintzen ditu, horrela pertsona guztiek –non jaio diren garrantzirik izan gabe- eskubide gutxiago izango dituzte eta ez da jendartearen bizitza duina lortzeko aurrerapausorik egongo.

Europan herrien eskubideen aldeko borrokak gizarte justiziaren aldekoarekin bat egiten du, eta Eusko Alkartasunarentzat ez da harrigarria. Eskozian eta Katalunian, Euskal Herrian eta Korsikan, independentismoa hobeto bizitzeko tresna da, nortasun berezituaren ideia ahaztu gabe.

Klase ertaina deitutakoa ia desagerrarazi eta jendartea gogor astindu duen krisi ekonomikoak, Europar Batasunak bizi duen egiturazko krisiari lotuta batasunaren kontrako sentimendua haztera eraman du. Eta aitortu beharra dago Europar Batasunak berak ez duela horren kontra jotzeko ezer handirik egin, ez behintzat ekintzekin.

Izan ere, Europar Kontseilua gainontzeko erakundeen gainetik jarrita hartu dituen erabakiek eragin kaltegarria izan dituzte, austeritatea lortzeko neurriak edo errefuxiatuen krisian hartutakoak adibidez. Horretaz gain, kontutan hartu behar da hiritarrek zuzenean aukeratutako erakundeak bigarren maila batean daudela, proiektuarekiko atxikipena zailduz.

Guzti honi Donald Trump Estatu Batuetako Gobernua iritsi dela gehitzen badiogu, Europar Batasuna apurtzeko tentsioak barruan eta kanpoan daudela esan dezakegu. Horregatik, aukera horien alde lan egiteko unea dela azpimarratu behar da: jendartea europarra sentitu dadin beharrezkoak diren aldaketak, Europar Batasunak bere baitan dituen herrien hiritarren eskubideak errespetatzen dituelako, Batasunean bizitzea hobeto bizitzea delako. Ostera, 60 urte dituen Europar Batasunak ez ditu 70 beteko.